San Pedro jaiak bertan behera, osasun krisiaren ondorioz

2020 / 05 / 06

Eskoriatzako Udaleko Kultura Batzordeak San Pedroko jaiak aurten bertan behera uztea proposatu du; izan ere, aforoen  mugak, autobabeserako bitartekoak eta Espainiako Gobernuak koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako gainerako neurriak direla eta, ezinezkoa da ekitaldi masifikatuetan betetzen direla bermatzea.

Baina, gainera, aurten diru-bilketaren jaitsiera handiak espero dira, pandemia eragiten ari den ezohiko gastuei gehituta, udal aurrekontuak baldintzatuko ditu, eta aurrekontu horiek nabarmen doitu beharko dira.

Hori dela eta, jaietako partidaren zati bat covid-19aren ondorioak arintzeko erabiliko da, eta beste zati bat etorkizunean antolatuko diren jardueretarako, betiere guztien segurtasuna bermatuz.

Udalak badaki jaiak kultura eta asialdi eskaintza izateaz gainera, udalerriko hainbat sektore ekonomikorentzako bultzada handia izaten direla, eta erabaki honek eragin handia izango duela.

Alternatiba berriak

Hori dela eta, kultura batzordeak ezohiko batzorde bat sortzea proposatu zuen, herriko talde eta elkarte guztien artean kultur ekitaldiak eta covid osteko ekitaldien agenda bat egiteko, gure kaleak eta auzoak dinamizatzeko. Horrela, alternatibak bilatuko dira herritarrek ekitaldi ludiko eta kulturalez goza dezaten eta, ahal den neurrian, tokiko ekonomia bultza dadin.

Batzorde horren lehen bilera maiatzaren 19an egingo da, Eusko Jaurlaritzak jai- eta kultura-ekitaldien mugei eta betebeharrei buruz emango dituen jarraibideak ezagutu ondoren. Horrela, denon artean kultura egiteko modu parte-hartzaile berri bati hasiera eman nahi zaio.

Eskoriatzako Udalak herritarren ulermena eta laguntza eskertu nahi du, gaur inoiz baino gehiago “Eskoriatza bizirik” proiektua gauzatu behar dugulako.