Hirigunea

Elorretako errota Errota_txikia

Bolibar errekaren alboan kokatzen den errota, Eskoriatzatik Bolibarrerako bidean, hain zuzen ere. 

Bolibarko baserritarrak beraien zakuaz bertara gerturatzen ziren eta errotaria arduratuko zen hauek eramandakoa ehotzeaz. Errotaren azken jabea, Anbrosio Abasolo izan zen eta baserritarrek azkenekoz 1962an erabili zituzten aipatutako errotak. Aurrerantzean, etxekoek bakarrik erabiliko zituzten. Bi errotak osatzen zuten Elorreta eta artoa, garia eta pentsua ehotzen zituzten.

Bertara gerturatuz gero, garai hartako errotaren elementuak ezagutzeko aukera izango duzu eta martxan ikusteko aukera, baina horretarako ezinbestekoa da Ibarraundi Museoarekin harremanetan jartzea.

Eskoriatzako alde zaharra

ALBERKA ZAHAR:

Gaur egun labaderoa dena lehen alberka zen. Zaldiak eta animaliak ura edan eta atsedena hartzeko balio zuena, alboko etxea POSTA etxea zen.

1789.urtean, Alberka zaharreko garbitegia egiteko erabakia hartu zen eta, akordioen artean, oraingo Parrokiaren planoetan zeuden sarrerako zazpi arkuen bezalako beste bat Itxurritzarren jartzea erabaki zuten.

 ITURRI ZAHAR:

Itxurrizarreko Iturria 1.712.urtekoa da eta haseira batean ur minerala bakarrik izango zuen. Garai hartako etxekoandreek ibaira edo errekara jo behar izaten zuten ur bila, iturriak oso aparte zeudelako. Hori dela eta, Itxurrizarren ere ur geza jartzea erabaki zuen Kontseiluak, Burdiñkruzetik hartuta. Iturri honek, ur mineral eta geza zituenez, gorabehera haundiak nozitu behar izan zituen, bidean ur biak nahasten zirelako.

 Iturriaren oinetan dagoen harri haundia Zaraiatik ekarri zuten.

HORMA ZAHAR/MURU ZAHAR:

Alberka zaharretik zubi zaharreraino doan parajea da.

ZUBI ZAHAR:

Harrien itxura eta zabaleragatik baliteke zubia Erromatar (V-XV) garaikoa izatea.

Zubi hau, kokapenagatik, oso garrantzitsua izan zen, aurrera jarraituz gero, San Asensio eta Kruzetara iritsiko liratekelako eta, beraz, Arabara.

Santa Marina

Eskoriatza herriko gune orijinala edo fundazionala dela esaten dute hainbat autorek

Gune honetan, herriaren bizitza publiko zein ekonomikoan oso garrantzitsuak diren eraikinak egon ziren: eliza bere lurperatze guenarekin, ospitalea, udaletxea, eskola…

Santa Marina Eliza:

Inguruan zeukan Santa Marina ospitalearekin multzo bat osatuko luke. 1599an bere inguruan, izurriteak jotako pertsona asko lurperatu zituzten. Badirudi eliza hau herriko lehendabiziko parrokia izan zela. 1660an eliza deitzetik ermita deitzera pasatzen da. 1778an gotzaindegiak ermita isteko agindua eman zuen eta 1796an partikular bati alokatu zioten baserri gisa.

Santa Marina ospitala

Ospitaleari erreferentziak XVI. mende hasieran aipatzen dira.

XVII mende hasieran, Domingo Mondragon Azkarretazabal indianoak dirua bidaliko du Nuestra Señora del Sacramento (Gaur egun HUHEZI) ospitale berria egiteko eta Santa Marinakoak ospitale izateari utziko dio, itxuraz udaletxe bihurtzeko.

Udaletxe eta kartzela hasieran eta harategi eta eskola gero

1615.urtean udaletxe eta kartzela baezala erabili ahal izateko eraikinean lanak egiten dituzte.1705ean udaletxea Santa Marina elizaren ondoan dagoela adierazten da.

 XVIII. mende erdi aldera, Santa Marina 3ko eraikina, herriko etxe bezala agertzen da eta 1819. urtean egindako plano batean harategi bezala izendatzen da eraikina. XIX. mende erdialdera eskola publiko bihurtuko da.

Hau guztia dokumentatua egonda, gune hau “balizko gune arkeologiko” izendatu zen.. Izendapen honen arabera, bertan egin beharreko edozein interbentzio egin aurretik arkeologoek ikerketa lanak egin behar dituzte. Horretan hasi ziren kanpaiak egiteko lau molde eta minerala urtzeko labe bat aurkitu zituztenean.

Kanpaigintza

Erdi aro inguruko garaietan, merkantzien garraioa zaila eta oso garestia izaten zen. Beraz, kanpaiak behar ziren lekuan bertan egiten ziren. Hilabete gutxi batzuk irauten zituen tailertxo bat egin eta ibiltariak izaten ziren profesionalak etortzen ziren. Inguru hauetara Kantabriako kanpaigileak etortzen ziren.

Lanak egun batzuk iraungo zituen, zalantzarik gabe, fundiziorako labea egin eta kanpaien moldeak buztinez egin behar baitzituen.

Kanpaiak egiteko bi era ezberdin erabili izan dira historikoki, ardatz horizontalean, egindako moldeak edo ardatz bertikalean egindakoak. Eskoriatzan aurkitutako moldeak horrela egindakoak dira

Normalean brontzea izaten zen erabiltzen zen materiala, kobre eta eztainuaren nahasketa. Materiala berrerabili giten zen askotan eta kanpai zaharrak edota apurtutakoak urtzen ziren.

Ondoan, ahalik eta gertuen, labea egiten zen minerala urtzeko. Garrantzitsua izaten zen gertu egotea, bidean tenperaturarik ez jeisteko. Kanal baten bitartez moldera isurtzen zen salda beroa. Garrantzitsua izaten zen salda era jarraian botatzea, edozein tenperatura aldaketek kanpaiaren hotsean aldaketak eragiten zituen eta.

Hozten utzi eta kanpaia ateratzeari ekiten zitzaion. Horretarako moldea puskatu egiten zen, ateratzeko errezagoa zelako eta kopiatzerik ez izateko. Ondoren kanpaia bere lekuraino igo eta tailera izan zena esatli egiten zuten.

Gipuzkoan horrelako bost tailer agertu dira; Hernani, Tolosa, Azpeitia, Azkoitia eta Iruran, baina hainbeste molde aurkitu den leku bakarra Eskoriatzakoa da.

Gaur egun,kanpaien moldeak estalita daude Santa Marina plazan.