Debagoineko koordinazio soziosanitarioko protokoloa onartu da
2015 / 09 / 25EAEko Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeak honela dio: “Osasun-arazo larriak direla-eta, edo eginkizunen arloko mugak direla-eta, eta/edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskua dela-eta, pertsona batzuek behar dituzten zainketek osatzen dute arreta soziosanitarioa, osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean biltzen dituena, koordinatua eta egonkorra, arreta jarraituaren printzipioarekin bat datorrena”.
Koordinazio soziosanitarioaren esparru natural eta operatiboa erkidego-esparrua eta tokikoa da, eta, bertan, bi sistemetako profesionalak koordinatu behar dira: medikuak eta erizaintzako langileak, hala lehen mailako arretakoak nola arreta espezializatukoak, bai udalen gizarte-zerbitzuetako profesionalak eta bai foru aldundien gizarte-zerbitzuetakoak.
Ikusten denez, gero eta pertsona gehiagok dute beharra zerbitzu sanitario eta gizarte-zerbitzuak (hots, soziosanitarioak) aldi berean jasotzeko, eta, horren ondorioz, diziplina arteko interbentzioak definitu eta martxan jarri behar dira, pertsonen beharrei modu integralean erantzun diezaieten, haien ingurune sozial ohikoan, modu arin eta koordinatuan, halako moldez non arretarekin jarraitzea bermatzen den eta bikoiztasun eta hutsune asistentzialak saihesten diren.
Protokolo honen osaketan kontuan hartu dira gizon eta emakumeen arteko berdintasun-irizpideak, betiere otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak xedatzen duenari jarraiki (42. EHAA, 2005eko martxoaren 2koa). Lege honek sustatzen duen berdintasuna eremu zabalekoa da; hortaz, eskubide, botere eta baliabide eta onura ekonomiko eta sozialak lortzeko hasiera batean behar diren baldintzak ez ezik, horien guztien erabilpen eta benetako kontrola gauzatzeko behar diren baldintzak ere jasotzen dira.
Dokumentu honen xedea da koordinazio soziosanitarioko protokolo bat zehaztea honako hauen artean: Debagoieneko ESI (Lehen Mailako Arretako eta ospitaleko unitateak), Ospitalez Kanpoko Osasun Mentaleko Sarea, Donostia Ospitalea, udalen gizarte-zerbitzuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako Departamentua.
Kide diren zerbitzu-instituzio/erakundeek konpromisoa hartzen dute beraiei dagokien ardura-esparruan pertsonen arreta-beharrei erantzuteko, bakoitzaren zerbitzu-zorroen bidez, diziplinarteko interbentzioen bitartez eta modu integralean.