Onartuta 2016-ko aurrekontua

2016 / 02 / 04

Aurrekontua 5.325.436 €-koa da, aurreko ekitaldikoa baino %1,1 handiagoa, eta gehiengo osoz onartu zen urtarrilaren 21eko udalbatzarrean.

Sarrerak

Sarrera nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpenak dira: foru funtsa (2.464.042 €), aurten 79.000 € gehiago izan dira. Guztira, Aldundiaren ekarpena Udalaren diru sarreren %49 da.

Ondoren tasak (1.320.696 €) eta zergak (1.130.959 €) datoz, %46a osatzen dutenak. Tasak zerbitzu baten truke Udalak jasotzen duen dirua da (ur hornidura, zabor bilketa…), eta zergak, berriz, jarduera pribatuengatik kobratzen dena (ondasun higiezinen gaineko zergak, jarduera ekonomikoaren gainekoak…).

Gainerako diru sarrerak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak eta laguntzak dira (216.020 €), interesak, eta bestelakoak, esaterako, isunak.

Gastuak

Aurrekontuaren zati nagusia gastu arruntak (2.761.158 €) eta pertsonal gastuak (1.645.374 €) osatzen dute. Horretaz gain, interesengatik eta amortizazioengatik ordaindu beharrekoa aurrekontuaren %4a da (212.654 €). Horrela, bada, gastu finkoak udal aurrekontuaren %87 dira.

Ur hornidura, argiteria publikoa, garbiketak eta hondakinen bilketa bezalako diru partidek aurrekontuaren zati handi bat osatzen dute.

Beraz, Udalak aurrekontuko %13a du hobekuntzak eta inbertsioak egin eta jarduera soziokulturalak eta kirol jarduerak bultzatzeko.

Garapen jasangarria sustatzera eta merkataritza biziberritzera 42.900 € bideratzen dira, eta integrazio eta gizarte zerbitzuak arloan, berriz, Udalak 61.000 € erabiltzen ditu hainbat laguntza programetarako, 145.000 € etxez etxeko laguntzetarako eta 35.000 € gizarte larrialdi planerako, guztira, 241.000 €.

Hirigintza eta Mugikortasun jasangarriaren arloan, herri gunerako eta elizateetarako Hiri Berritze Plana nabarmendu behar da, 110.000 €-rekin hainbat partidetan banaturik, eta inbertsioak, berriz, 177.000 €-koak izango dira aurten, besteak beste, kanposanturako irisgarritasuna hobetzeko edo kultu etxeko sukaldea berriztatzeko.

Kultura eta jaietarako 180.000 € bideratuko dira, hor sartzen direlarik Musika Eskolarako izendatutako 40.000 €. Kiroletarako 43.000 € izango dira, hortik, 25.000 € Kirol Elkartearentzako.
Gastuak_2016Diru_sarrerak_2016