Debagoieneko artzainen IV. eguna Eskoriatzan izango da
2016 / 04 / 21Apirilaren 30ean izango da Eskoriatzan Debagoieneko artzainen IV. eguna, ardien eta artzainen mundua oinarritzat hartuta. Lehenengo aldiz 2012an antolatu zen Arrasaten, ondoren 2013an Oñatin eta 2014an Bergaran antolatu dira. Aurten, baina, Eskoriatzan tokatzen da.
Ekintza desberdinen artean artzainen azoka, bildotsa burduntzian, dastatze tailerra, haurrentzako jolasa… izango dira goizean zehar. Guztiontzako jarduerak izango dira.
Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Sailak eta Deba Garaia Landa Garapen Elkarteak elkarrekin bertako produktuak eta bertako gastronomia bultzatzeko hainbat jarduera antolatzen dituzte urtean zehar, esaterako Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoak, eta bertako produktuen inguruko hainbat ekitaldi, txakolin eguna, dastatzeak, sukaldaritza tailerrak… eta oraingoan, ardiak eta artzaiak ardatz moduan hartuta DEBAGOIENEKO ARTZAINEN IV. EGUNA, oraingoan Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin.
Egitarauan ondorengo jarduerak aurreikusi dira:
Azoka berezia izango da eta Debagoieneko Pastorien taldekoak, txakolin ekoizleak eta artisaua izango dira.
Gainera, ondorengo jarduerak antolatuko dira:
- 10:00etatik aurrera Eusko Labeleko Bildotsa Burduntzian erre eta pintxoetan banatu da 12:30etik aurrera. AMUSKA Taldeak banatuko ditu.
- 11:00: Artaldeak hirigunea zeharkatuko du.
- 1o:00etatik 12:00etara Ardi Latxaren bila jolasa haurrentzako. Plazan ardi latxak egongo dira baina baita hemengoak ez diren beste arraza batzuk ere, eta hauek bereizteko jolasa antolatuko da.
- 11:00etatik aurrera gatzatu tailerra.
- 12:00: Idiazabal Gaztaren dastatzea egingo da Idiazabal Jatorriko dastatzaile batekin.
Gainera, martxan dagoen Debagoieneko Pastoriek argazki digital lehiaketako argazki bozkatuenen erakusketa egongo eta bertan, bozka emateko aukera egongo da. Lehiaketako oinarrietan azaltzen den moduan, bozka gehien jasotzen dituenak saria izango du eta aukeraketan parte hartzen duenen artean ere JAKIONeko produktuen sorta zozketatuko da.
Ekitaldiaren antolatzaileak ondorengoak dira: Debagoieneko Mankomunitatea, Deba Garaia Landa Garapen Elkartea, “Debagoieneko Pastoriek”, Eskoriatzako Udala. Babesleak: Ausolan ,HAZI, Idiazabal Jatorriaren Izendapena, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.