Saharar herria gogoan
2016 / 05 / 23Saharar herritarren erdiek hamarkadak daramatzate Argeliako basamortu lehor eta babesgabearen erdian bizi izaten, nazioarteko giza laguntzen menpe, gero eta murritzagoak direnak krisi ekonomikoaren eraginez. Beste erdiak Marokok okupatutako Sartaldeko Saharan bizi dira, non Sahararen aldeko ehundaka ekintzaile atxilotu eta torturatu dituzten. Marokok eraikitako eta armada marokiarreko 150.000 soldaduk zaintzen duten lurrezko horma bat dago komunitate bien artean, hainbat hamarkadako gatazkaren ondoren oraindik ere milaka familia saharar banatuta dituena.
NBEarentzat Sartaldeko Sahara lurralde ez autonomoa bada ere 1965etik, eta Espainiar Estatua izan lurralde hori administratzeko ardura duena, 80 herrialdek -horien artean ez dago Espainiar Estatua- baino gehiagok aintzatesten dute ofizialki Sartaldeko Sahara gobernu legitimoa herbestean duen estatu burujabe bezala.
Saharar herriak joan den ostiralean, maiatzak 20, bere independentziaren aldeko borrokaren hasieraren 43. urteurrena ospatu zuen, eta elkartasun keinu bezala, asteburu osoan, beraien bandera udaletxeko balkoian jarrita egon da.