Hizkuntza errolda sortu du udalak

2016 / 11 / 29

Aurtengo apirilean egin zuen Eskoriatzako Udalak herritarren hizkuntza aukera ezagutzeko galdeketa, hain zuzen ere herritar bakoitzak Udalarekin harremanak euskaraz ala ele bitan nahi ote dituen jakiteko. Galdeketa erroldatutako 18 urtetik gorako guztiei egin zaie, hau da guztira 3308 herritarri, eta hauxe izan da galdeketaren emaitza:

  • Galdetutakoak 3.308
  • Erantzun dutenak 2.224 (%67)
    • Euskara hutsean jaso nahi dutenak 330 (%10)
    • Ele bitan jaso nahi dutenak 1.894 (%57)
  • Erantzun ez dutenak 1.084 (%33)

Hizkuntza erroldako datu horiek udalaren datu base guztietan txertatuko dira eta 2017ko urtarriletik aurrera, herritarrei bidalitako komunikazio pertsonalizatuak bakoitzak egindako hizkuntza aukeraren arabera bidaliko dira. Gainera, urtero urtarrilean, aurreko urtean 18 urte bete dituzten eskoriatzarrei galdeketa berbera egingo zaie eta Hizkuntza Errolda eguneratuta mantenduko da.

Azpimarratzekoa da galdeketan erantzun ez duten herritarrei komunikazioak euskaraz bidaliko zaizkiela, eta edozeinek, edozein momentutan, hizkuntza hautua egiteko edo aldatzeko aukera izango duela, udaletxeko harrera zerbitzura joanda.txantxangorria

Txantxangorriak

Udaberrian, gainera, euskara erabiltzeko gonbidapena egiten duen Txantxangorriaren irudi berria eskaini zien udalak herriko denda, taberna, elkarte eta enpresei eta 26 establezimenduk eskatu zuten orduan Txantxangorriaren irudia, dagoeneko herriko gune askotan ikusten dena. Orain berriro eskainiko du udalak txantxangorria eta gainera, azaroaren 28tik abenduaren 9ra bitartean, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, udal eraikinetako mostradoreetan Txantxangorriaren pegatina txikiak herritarren esku jarriko dira, karpetetan, ordenadoreetan… eta abar jartzeko.

Eman hegoak euskarari!