Irakurri, gozatu eta oparitu
2017 / 03 / 22Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa martxan dago Eskoriatzan, eta martxoaren 20an hasi eta maiatzaren 31ra bitartean gauzatuko da.
Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Egitasmoak, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
- 1) Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, udal liburutegira joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu.
- 2) Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango dizu, liburu dendan erabiltzeko.
- 3) Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu.
Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegian 30 €-ko balioa duen txeke bat zozketatuko da hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.
Opari txekea erabiltzeko epea.
Martxoaren 20an abiatuko da “Irakurri, Gozatu eta Oparitu”ren 2017ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 10era artekoa izango da.
Beste jarduera batzuk
Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Hona hemen egitarau osoa.