Jira Bueltan liburuxka kalean da
2017 / 11 / 29Jira Bueltan euskarazko betiko 50 kanta eta jolas batzen liburuxka-DVDa da, Eskoriatza, Aretxabaleta, Eibar eta Elgoibarko udalek Badihardugu euskara elkartearekin batera egin dutena, Ahotsak proiektuaren barruan, eta herri horietako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok parte-hartu duten bertan. Materiala 0 -12 urte bitarteko haurrentzako da, baina batez ere 4 – 10 urte bitartekoentzat da egoki.
2002an hasi zen Eskoriatzako Udala adineko herritarrei testigantzak jasotzen eta, ondoren, material hori hezkuntzako proiektuan txertatzeko ahaleginean 2010ean hasi ginen Aretxabaletako Udalarekin batera. Hezkuntza proiektuan ahozko ondarea ikasgeletara eramateko ahalegin desberdinak egin badira ere, adinekoei jasotako kantak eta jolasak lantzeko erabakia hartu zen, irakasleek ikasi, haurrekin landu eta azkenik haurrak eurak jolasean jartzeko.
Luis Ezeiza herri ikastetxean haurrei egindako grabazio batetik ideia hartu, eta adinekoak eta haurrak batzen dituzten bideoak egiteko ideia landu zen eta ideia horretatik abiatuta sortu dira DVDan jasotako irudiak.
Liburuan, gainera, jolas eta kantuen azalpenak ere jasotzen dira modu argian zer eta nola jolastu azalduz.
Salgai
Astean LH1 mailan dauden haurrei banatuko zaie liburuxka/DVDa baina gainera Durangoko Azokan Saguganbaran aurkeztu ondoren, Badiharduguren postuan salgai egongo da eta baita Eskoriatzako Dorleta paperdendan ere.