Larraitz Iparragirrekin txotxongilo tailerra

2018 / 03 / 21

Larraitz Iparragirre eskoriatzarra Guatemalan bizi da, eta han, 2007an bere bikotekidearekin batera La Charada Teatro txotxongilo eta antzerki konpainia sortu zuen, txotxongilo antzerkia biziberritu, zabaldu eta lengoaia berriak arakatzeko helburuarekin.

Harrez gero hainbat lan sortu dituzte, besteak beste: “Cuentos al derecho y al revés”, “El Amor y la Locura”, “Cuentos Cortos para Niños Largos” “Covers” eta “Los Tres Cochinitos y el Lobo Petroff”.

2010. urtean “BreVarios” taularatu zuten eta lan horrekin Monterrey hirian ospatutako Nuevo Leoneko antzerki jaialdian aipamen berezia jaso zuten.

Latinoamerika zabaleko hainbat eskola, plaza eta antzokitan aurkeztu dituzte euren lanak, eta baita nazioarteko zenbait jaialditan ere.

Txotxongiloei dagokienez, askotariko teknikak erabiltzen dituzte, esaterako gorputz txotxongiloak, animazio zuzeneko saioak, txotxongilo-antzerki tradizionala, eskularruekin egindakoak…

Apirilean Euskal Herrira etorriko da Larraitz eta bisitaldia aprobetxatuta hainbat ikastaro emango ditu, horietako bat Eskoriatzan bertan.

Ikastaroa interesa duen 16 urtetik gorako edozeinentzako izango da eta landuko diren teknikak kontuan izanik, bereziki interesgarria izango da aisialdiko hezitzaile eta begiraleentzako, hezkuntza formaleko irakasleentzako, gizarte lanetan dihardutenentzako eta baita gurasoentzako ere. Txotxogiloekin egindako animazioak, eta antzerkiak orohar, gaiak beste molde eta ikuspuntu interesgarri batetik lantzeko aukera paregabea eskaintzen baitu.

Ikastaroa: Txotxongilo animazio tailerra: Txotxongiloa funtzio dramatikoan dagoen objektu oro da, hasi oinean daramazun zapatatik edo lurrean osatzen duzun gerizpetik eta eszenarako diseinatutako panpinarik konplexuenera arte. Gizartearen eta norbanakoaren argi-itzalak identifikatu, kontrajarri eta eraldatzeko tresna ezinhobea. Metaforarik indartsuena.

Eguna: Apirilak 14, larunbata
Ordutegia: 10:00-14:00
Prezioa: 10 €
Irakaslea: Larraitz Iparragirre (La Charada teatro)
Hizkuntza: Euskara
Izen ematea: Eskoriatzako kultur etxea (943 71 46 88) kultura@eskoriatza.eus

Zatoz antzinako arte eszeniko honen funtsak ezagutzera eta goiz atsegin bat pasatzera.