Airearen kalitateari buruzko mozioa onartuta
2018 / 11 / 28Udalbatzak azaroaren 26an egindako osoko bikuran, bertaratutako 9 zinegotzietatik 4k emandako aldeko botoarekin (1 IRABAZI eta 3 EH-Bildu) eta gainontzeko 5en abstentzioarekin (4 EAJ-PNV eta 1 EEE) ondorengo mozioa onartu zuen:
- Udalaren Osoko Bilkuraren ustez botere publikoek atmosferako airearen kalitate egokia bermatu behar dute, kalitate horren narriaduran eragina duten faktoreen kontrol eta jarraipen zorrotza eginez, eta era berean, herritarrei arnasten duten airearen kalitateari buruz ematen zaien informazioa erraz eskuratzeko moduan eskaini behar dute.
- Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen parametroak egunera ditzala, legezko mugak ezartzeaz gain, Osasunaren Mundu Erakundeak airearen kalitateari buruz gomendatzen dituen gida-balioen betetzeari buruzko informazioa emateko, eta informazio hori jendaurrean jartzeko erabiltzen dituen modu eta prozeduretan balio horiek kontuan izateko.
- Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio erakunde aditu independente batek Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen egungo konfigurazioa berrikus dezala airearen kalitatea kontrolatzeko kabina finkoen kopurua, kokapena eta neurketa-parametroei dagokienez, eta berrikuspen hori herritarren osasunaren babesari lehentasuna emanez egin dadila.
- Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio beharrezkoak diren administrazio-mekanismoak garatu ditzala Osasun Sailak nahiz eraginpeko udalerriek Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen konfigurazioan egin beharreko aldaketei buruzko aginduzko irizpenak edota txostenak egin ahal izan ditzaten, hala airearen kalitatea kontrolatzeko kabinen kopuru eta kokapenari eta kabina bakoitzak dituen neurketa-parametroei dagokienez, nola kutsadura monitorizatzeko unitate mugikorretarako aurreikusita dauden neurketa-kanpainei dagokienez.
- Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ahal bezain laster beharrezko neurri teknikoak eta/edo antolaketa-neurriak har ditzala Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak atmosferako airearen kalitatea kontrolatzeko neurketa guztien emaitzak bere webgunean denbora errealean adierazteko, kabina finkoetatik datozen emaitzak nahiz kutsadura kontrolatzeko unitate mugikorren kanpainetan lortutako emaitzak.
- Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio sei hilabeteko gehieneko epearen barruan Osasun Sailaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren erantzun bateratuko protokolo bat ezar dezala, atmosferaren kutsadurari dagokionez legezko muga-balioak puntualki gainditzen dituzten gertakariei erantzuteko. Protokolo horrek, Sail bakoitzari esleituta dituen eskumenen arabera dagozkion jardueren banaketa egingo du, eta herritarrei eman beharreko informazioari buruzko jarraibide bat ezarriko du, lortu diren kutsadura-muga maximoak eta Administrazioak fokuaren jatorria zehazteko eta errepika dadin saihesteko egin dituen jardunak jendaurrean jartzeko.
- Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio unitate mugikorrek egindako partikulen kutsadura-mailen neurketekin batera, materia partikulatuan dauden espezie kimikoak zehazteko analisiak egin daitezela.
- Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Osasun Sailaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ordezkariez osatutako Lan Mahai bat sor dezala, bertan, sail bakoitzak esleituta dituen eskumenen arabera, ebazpen honetan hartutako neurriak modu egokian martxan jartzen direla gainbegiratzeko.
- Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Eskoriatzako airearen kalitatea neurtzea, gure udalerriko herritarrek kalitate egokia duen airea arnasten dutela ziurtatzeko.