Herri bileren balorazioa, oso positiboa
2019 / 01 / 10Atzo goizean “Eskoriatzak merezi du” ekimenaren berri emateko prentsaurrekoa eskaini zuen Eskoriatzako Udal Gobernuak eta herri bileren gaineko oso balorazio positiboa aurkeztu zuen.
Jakina denez azaroan bi herri bilera egin ziren eta elizateak ere bisitatu ziren, guztira 110 pertsona inguru bildu ziren hainbat gairi buruzko argibideak eskatzeko eta ekarpenak egiteko.
Bilera horietan, batetik, orain arte ohikoa dena egin zen, hau da martxan duden lanen inguruko kontu-ematea egin zuen alkateak; eta bestetik, aurten nobedade gisa, “Eskoriatzak merezi du” ekimena aurkeztu zen. Joserra Zubizarreta alkateak argitu nahi izan zuen Hiriberritze plana eta Eskoriatzak merezi du ekimena bi gauza direla eta bigarrenaren sorrerarekin, ez dela Hiriberritze plana desagertuko.
Hiriberritze planaren baitan herritarren ekarpen konkretuak jaso ohi dira, hiri altzarien inguruko ekarpenak, argiteriaren ingurukoak… eta abar. Eskoriatzak merezi du ekimenak, ordea, adostu beharreko gaiak landu nahi ditu foroetan, herritarrak inplikatuz eta kontzientziatuz. Gaiak zabalak izan daitezke, hala nola txakurren ordenantza, gaizki aparkatutako ibilgailuak…
Hala, Udal Gobernuak, oso positiboki baloratzen du aurtengo herri bileren jarduna eta Joserra Zubizarreta alkateak izugarri eskertzen die herritarrei bileretara bertaratu izana eta bereziki, ekarpenak egin izana.
Udalak parte-hartze dinamika horiekin eta herritarrenganako entzute aktiboarekin jarraitzeko asmoa azauldu du, guztion artean egindako Eskoriatza bat, Eskoriatza hobea izango baita zalantza gabe.