“Before the flood” dokumentala gaur Zaldibar antzokian
2019 / 11 / 08Eskoriatzako Udalak jasangarritasunari buruzko zine zikloa antolatu du azarorako, eta bertan, klima aldaketa, elikadura, eredu energetikoak eta mota horretako gaiak jorratuko dituzten hiru dokumental proiektatuko dira. Dokumental guztiak Zaldibar antzokian izango dira, 19:30ean, azaroko hiru ostiraletan, hilaren 8an, 15ean eta 29an. Azken bietan, solasaldia ere izango da adituen eskutik.
Gaur ostirala hasiko da zine zikloa, eta horretarako, National Geographic-ek ekoiztutako dokumentala izango da ikusgai. Leonardo DiCaprio du protagonista Before the flood lanak eta aktore ezagunak bidaia bati ekingo dio.
Groenlandiako urruneko eremuak, Sumatrako oihan beroak eta Vatikanoko aretoak bisitatuko ditu, klima aldaketaren ondorio suntsitzaileak aztertzeko asmoz. Bere egoera pribilegiatua aprobetxatuko du Barack Obama, Elon Musk eta Frantzisko aita santuarekin hitz egiteko. Ikus-entzunezkoa gazteleraz proiektatuko da, 90 minutuko iraupena du eta sarrera doan izango da. Krisiaren arrazoietan murgilduz, DiCapriok galdera baten erantzuna bilatuko du:
Zerbait egin ote daiteke berandu izan baino lehen?
Tabernak egitasmoarekin bat
Eskoriatzako hainbat tabernak, Udalarekin elkarlanean, eskaintza gastronomiko berezia prestatu dute zine ziklorako, eta zinemarako sarrerarekin batera eko-hanburgesak edo zero kilometrodun ogitartekoak eta edari bat dastatu ahal izango dira, sei eurotan. Taberna hauetan: Compostela, Akeita, Alcazar, Hotela, Urrestilla eta Toki Alai.