Ignacio Lopez Goñi dibulgatzaile ezagunak irekiko du zientziari buruzko astea

2020 / 02 / 06

Ignacio Lopez-Goñi biologoa datorren asteazkenean, otsailak 12, izango da gurean “Mikrobioak gure bizitzan, bakterioak, birusak, txertoak eta antibiotikoak” hitzaldia eskaintzeko.

Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan izango da, Zaldibar antzokian, eta hasiera emango dio “Zientziaren argitan, egia edo gezurra?” Dibulgazio zikloaren jarduera programari.

Koronabirusa elkarrizketa guztietan presente dagoen egun hauetan, aditu batek hitz egingo digu gai horretaz eta eguneroko bizimoduan zuzenean eragiten diguten beste batzuez, mikrobioen mundura zorroztasunez, baina modu entretenigarrian, egingo dugun bidaia zirraragarri batean.

IGNACIO LÓPEZ-GOÑI

Ignacio López-Goñi Biologian doktorea eta Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologia katedraduna da. AEBetako Berkeley-Kaliforniako eta Columbia-Missouriko unibertsitateetan ikertzaile izan da, eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Fakultateko dekanoa 2005 eta 2014 artean.

Espainiako Mikrobiologia Elkarteko Irakaskuntza eta Hedapen taldeko presidenteordea da, American Society for Microbiology elkarteko kidea eta Nafarroako Unibertsitateko Natur Zientzien Museoko zuzendaria.

Bere ikerketa-lana bakterioen birulentziari eta txerto berrien garapenari buruzkoa izan da. Gainera, López-Goñik bere irakasle lana blog eta sare sozialen bidez egiten duen dibulgazio zientifikoko jarduera “biziarekin” uztartzen du, eta, horregatik, Dibulgazio Zientifikoko Tesla saria jaso zuen 2016an.

Era berean, Investigación y Ciencia aldizkariaren ‘MikroBIO’ eta ‘El rincón de Pasteur’ blogen egilea da eta bi liburu ere argitaratu ditu.