Ostegunean hasiko dira Eskoriatzako inauteriak

2020 / 02 / 18

Eskoriatzan, ostegun honetan, otsailak 20, hasiko ditugu  inauteriak Urdelarderoarekin. Lehenagoko ohitura zen umeek etxez etxe abesten joatea eta emandako janariak zirian sartzea (txorizoa, pikupasak, urdaia eta abar).

Gaur egun, berriz, umeak baserritarrez jantzita ateratzen dira kalera ziria eskuan dutela kantura, baina, orain gozokiak botatzen zaizkie leihoetatik.

Oraindik ere antzinako kantua abesten jarraitzen dute:

Urdei lardero

Urdeixa janda

Bazkaixa gero

Hor goixen itturri bat

Haren gainean txori bat

Ura pil-pil etorri da

Etxekoandre zabala

Etxe oneko alaba!!”

Abestiak urdaia aipatzen du, duen gatza, zer ona den horrek emandako egarria kentzeko iturritik bor-bor ateratzen den ura, eta amaieran, baserriko etxekoandrearen esku zabaltasuna goraipatzen du.

Arratsaldeko 17:30ean, Trokolo pailazoek “In concert” lana aurkeztuko digute Zaldibar antzokian.  Arratsaldeko 18:30ean txokolate goxoa bizkotxoekin jateko aukera izango da plazan (ez ahaztu bakoitzak bere edalontzia eraman behar duela), eta ondoren, egunari amaiera emateko, inauterietako dantzak herriko plazan.

Larunbata

Larunbatean bertan, goizeko 10:00etatik 12:00etara Kultur etxeko lehenengo pisuan (edo kalean eguraldi ona badago) bi pertsona egongo dira behar duenari makillatzen laguntzeko. Gainera, hainbat pintura, pintzel eta material egongo dira nahi duenak makillatzeko erabili dezan.

Eguerdian, 13:00etan, mozorro desfile/lehiaketa izango da. Parte hartu nahi duten taldeek 12:30ean eman beharko dute izena Luis Ezeiza eskolako patioan. Bertan zenbaki bat emango zaie desfilean noren atzetik atera jakiteko. Aurrean Eskoriatzako trikitilari taldea joango da, gero 16 urtetik beherakoak eta, bukatzeko,  nagusien kuadrillak joango dira.

Desfilean parte hartu gura duten guztiek Luis Ezeizako patioan egon beharko dute 12:50ean. Desfilea 13:00etan hasiko da, eta Luis Ezeizatik  irten, plazatik pasa eta, Olazarretik bueltan, berriz ere plazara iritsiko da bertan amaitzeko. Erakustaldia edo dantzaldia egingo duten taldeak plaza parean gelditu ahalko dira beraien saioa egitera (4 edo 5 minutu baino gehiagokoa ez izatea eskatzen zaie).

Desfilea amaitu ondoren, epaimahaiak erabakiko du nortzuk diren irabazleak, eta plazan jakinaraziko dute arratsaldeko 18:30ean.

Sariak

16 urtetik gorakoentzako

  1. Saria: 250,00 €
  2. Saria: 200,00 €
  3. Saria: 100,00 €

16 urte artekoentzako

  1. Saria: 100,00 €
  2. Saria: 80,00 €
  3. Saria: 60,00 €

Horretaz gain, inauterietako bazkarira joaten direnen artean beste bi sari banatuko dira:

  • 16 urtetik aurrera: 50,00 €
  • 16 urte artekoak: 25 €

Sariak emateko originalitatea eta birziklatutako materialekin egindako mozorroak izatea hartuko da kontuan.

Bazkari herrikoia

Bazkari herrikoia kiroldegian egingo da, 14:30ean. Gaur, asteartea, otsailak 18, da tiketak erosteko azken eguna. Gauzak ondo antolatze aldera, bazkaltzeko lekua gordetzea komeni da. Lekua telefonoz (943 71 46 88), emailez (kultura@eskoriatza.eus) edo WhatsAppez hartu daiteke (650 49 51 66).

Bazkaldu ostean, dantzaldia, Takitto taldearekin. Dantzaldia 16:00etan hasiko da, eta jende guztiarentzat da, ez bakarrik bazkarian parte hartzen dutenentzat.

Zezentxoak, poneyak eta dantza

Arratsaldeko 17:00etan zezentxoak eta txikienentzako poneyak egongo dira Luis Ezeiza eskolako patioan 18:00ak ingurura arte. Gero, plazan, mozorro lehiaketaren sariak banatu ondoren, dantzaldia hasiko da DJ Motorekin. Gauean, 23:00etatik aurrera, dantzaldiak jarraituko du plazan.

Inauteri asteartea

Jaialdia 10:30ean hasiko da, eta bertan Arizmendiko eta Luis Ezeizako ikasleek hartuko dute parte, azken asteetan prestatzen ari diren abesti eta dantzak eskainiz.

Jaialdia Joseba Iñurrategi pilotalekuan egingo da: ikasleak kantxan egongo dira; eta familiakoak eta ikusleak, harmailetan.

Ondoren, parte hartzaileentzat txistorra izango da pilotalekuan bertan, eta, bukatu ondoren, 12:00ak aldera, pilotalekuko ateak zabalduko dira guraso edo laguntzaileak sar daitezen umeak jasotzera.

Kukumarroak

Eskoriatzan aparteko protagonistak ditugu asteartean: kukumarroak, kultura etxetik aterako direnak puxikak astintzera arratsaldeko 17:15ean.

Kukumarroak basoko izakiak ziren, negu amaieran herrira etortzen zirenak jendea zirikatu eta beldurtzera. Umeek burla egiten zieten “kukumarro txori malo” esanez. Asteartean berriz ere gogora ekarriko ditugu izaki horiek, eta horrela, Eskoriatzako kaleetan ibiliko dira loredun amantala jantzita, aurrean dugun udaberria sinbolizatu gura duena, eta bildots larruarekin bizkarrean, atzean uztean ari garen negu gorria sinbolizatzen duena, eta, nola ez, eskuan animali puxika bat umeak beldurtzeko.

Ondoren, 18:00etan, hotzari aurre egiteko Dj Tirapuk dantzan jarriko gaitu jende guztiarentzako musika jarriz 19:30ak arte.