Haurrekin ateratzeko gomendioak
2020 / 04 / 27Nortzuk atera daitezke kalera?
14 urte bete ez dituzten haur guztiak atera ahal izango dira ordubetez, kalera, baina heldu batekin beti. Hori bai, ezingo dute kalera irten COVID-19aren sintomarik dutenek (sukarra, adibidez), ezta eurek edo euren senideren batek positibo eman duelako koarentenan dauden haurrek ere.
Urritasunen bat edo jarrerarekin lotutako arazoak dituzten haurrek, autismoarekin lotutako trastornoak edo jarrera disruptiboak dituztenak, adibidez, medikuek gomendatzen duten maiztasunarekin atera daitezke paseatzera, segurtasun neurri guztiak betez.
Norekin irten behar dira?
Heldu batek berarekin bizi diren hiru ume eraman ahalko ditu gehienez, eta urruntze soziala bermatu beharko du une oro, bi metroko tartea mantenduz, inorekin elkartuz gero. Haurrekin irtengo den pertsona hori etxeko-langile edo umeen zaintzaile bat izan daiteke, baina guraso zein tutore izan ezean, horien baimen idatzia beharko du pertsona horrek.
Etxe berean bizi diren aiton-amonak ere atera daitezke haurrekin paseatzera, baina “ez da komeni”.
Nora joan daitezke?
Edozein espazio publikotatik ibil daitezke haurrak, baimendutako espazio naturalak eta berdeguneak barne, baina bizilekutik kilometro bateko distantziara, gehienez, eta inolaz ere ez parke zein haurrentzako instalazioetan. Eguzkia dagoen tarteetan ateratzea gomendatzen da baina lan zentro zein enpresen sarrera-irteera orduak saihestea, ahal den jende gutxienarekin topo egiteko.
Umeak auzoko edo bizilagunen eremu komunetara jaitsi ahal izango dira, baina urbanizazio horietako jolasguneetan beste haurrekin bat egin gabe, ordubete baino gehiago egon gabe eta beti heldu batekin, hau da, kalean paseatzeko ezarritako neurri berberak errespetatuz. Eraikin bakoitzak ezarri beharko ditu “arau propioak” eremu horien erabileraren inguruan.
Nola prestatu irteera?
Etxetik irten aurretik eskuak garbitu behar dira. “Oso ondo” azaldu behar zaie haurrei bi metroko distantzia mantendu behar dutela, ezin dutela lagunekin geratu ezta taldean jolastu ere. Begiak, sudurra eta ahoa ez direla ukitu behar gogorarazi behar zaie eta eztul egitean, ukondoa jartzeko aho parean. Jostailuak, pilotak, patinetea… atera ditzakete baina ezin dituzte beste haurrekin partekatu.
Eskularru eta maskara jarri behar al zaizkie?
Babeserako neurriei dagokienez, haurrek ez dute eskularrurik erabili behar. Eskularruak erabiltzekotan, ondo erabili behar dira, gaizki erabiltzeak arriskua sor baitezake, eta haurrentzat errazagoa da eskuak garbitzea eskularruak ondo erabiltzea baino.
Hiru urtetik gorako umeek maskara janztea gomendatzen da kalera irten eta besteekiko bi metroko distantzia mantendu ezin den kasuetan, betiere heldu baten zaintzapean, erabilera zuzena egingo dute ziurtatuta.
Haurrak gaizki erabili behar badu edo eskuekin ukitzen aritu behar bada, hobe ez jartzea. Maskararik ez da bota behar lurrera. Erabilera bakarrekoa bada, etxean bota behar da.
Etxera itzulitakoan, zer?
Haurrek kalera eraman dituzten jostailuak eta zapatak kaxa batean utzi eta garbitzea gomendatzen da. Eskuak ondo-ondo garbitu eta, jantzi bada, maskara kendu. Erabili eta botatzekoa bada errefusaren ontzira edo poltsa itxi batera bota behar da, erabat itxita geratzen dela ziurtatuz.
Haien Osasunagatik
Zure Osasunagatik
Guztionagatik