Ur zerbitzuaren gestioan aldaketak
2020 / 09 / 23Urriaren 1etik aurrera Eskoriatzan uraren kudeaketa integrala Gipuzkoako Ur Kontsortzioak (Gipuzkoako Urak) egingo du.
Herritarrentzako aldaketa txikia
Urritik aurrera egunerokoan herritarrek igarriko duten aldaketa txikia izango da. Hau da, ur irakurketa betiko moduan egingo dute teknikariek eta 2020ko 4. hiruhilabetetik aurrerako fakturazioa betiko bideetatik kobratuko da.
Aldaketak, berriz, uraren hornikuntzan gerta daitekeen gora-beheren kudeaketan nabarituko dute, hau da altak eta bajak ematea, erreziboak helbideratzea, kontsultak eta erreklamazioak, kontagailuaren mantenuan eta antzekoak ez dira aurrerantzea Eskoriatzako Udalarekin egingo, Kontsortzioarekin baizik, eta hori edozein bulego fisiko edo birtualetan egin ahal izango da:
- Telefonoz: 943 31 86 02 / 902 302 222
- Internetez www.gipuzkoakour.eus
- Laster udaletxeko atarian jarriko den bulego birtualean.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioa
Gipuzkoako udalerri askok bultzatuta, 1990ean sortu zen Gipuzkoako Ur Kontsortzioa, ur-azpiegituren sare berri eta moderno bat eraikitzeko asmoz Europako kanonen arabera eta ingurumena erabat errespetatuz: ura biltegiratzeko sistemak, edateko uren araztegiak (EUA) eta hondakin-uren araztegiak.
Gaur egun, Gipuzkoako Ur Kontsortzioa, elkarte-oinarriko erakunde publikoa, gure lurralde historikoko 50 udalerrik baino gehiagok osatzen dute. Uraren goi horniduraren kudeaketaz arduratzen da, eta honako hauek hartzen ditu: ura urtegian biltegiratzea, EUAra eramatea, edateko ur bihurtzea eta udal ur-biltegietara banatzea.
Uraren ziklo integralaren kudeaketa Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku uzteak onura hauek ekarriko dizkio Eskoriatzako Udalari:
- Uraren ziklo osoaren kudeaketa integrala eta iraunkorra.
- Abonatu gehienek ordaindu beharreko tarifa murriztea.
- Zerbitzu-sareak hobetzeko inbertsioa plangintza ezartzea.
- Erabiltzailearentzako 24/365 arreta-zerbitzua, arreta-bulego birtuala.
- Zerbitzuaren gorabeherei hobeto erantzutea.
Ura kudeatzeko sistema berri hau herritarron onerako izango delakoan hartu du Udalak aldaketarako erabaki hau.