Adinekoei telefonoz iruzur egiteko saiakerak txertaketaren aitzakiarekin
2021 / 02 / 08Ertzaintzak jakinarazi du COVID-19aren kontrako txertoak etxeetan jartzeko deiak jaso dituztela hainbat adinekok. Euren etxeetara deitu eta beraiekin hitzorduak egiten saiatu dira iruzurgileak, txertaketaren kanpainaren parte dela esanez. Tartean hainbat galdera egiten dizkiete: ea bakarrik bizi diren, zein den beraien egoera fisikoa…
Ertzaintzaren ustez horrelako deiak egiten dituztenek pertsona horien inguruko datuak jaso nahi dituzte, ondoren salmenta engainagarriak egiteko, hau da, babesik gabeko pertsonei nahi eta behar ez dituzten produktuengatik diru-kopuru handiak ordainarazteko.
Ez dago etxez etxeko txerto-kanpainarik. Covid-19aren kanpaina bigarren fasean dago, orain eremu sanitarioko eta soziosanitarioko langileak txertatzen ari dira. Egoitzetan bizi direnak lehen fasean txertatu ziren.
Beraz, adinekoa bazara eta halako deirik jasoz gero, kontuan hartu honakoak:
- Adinekoei txertoa jartzeko kanpaina instituzionalak ohiko bideetatik egiten dira. (prentsa, irrati, kartelak kalean eta osasun-zentroaren bidez).
- Horrelako deiren bat jasoz gero, Ertzaintzari edo udaltzainei jakinarazi. Bestela, 112ra deitu.
- Datu pertsonalik ez eman.
- Informazioa eskatzeko deitzen duten ezezagunei ez erantzun.
- Ez utzi ezezagunei etxean sartzen.
- Norbait konponketa bat egitera-edo badator, enpresaren egiaztagiria eskatu, eta, horrelakoetan, hobe etxekoren bat bertan badago.