Sanpedroak ate joka
2024 / 06 / 19Ekainaren 28tik uztailaren 1era herriko kaleak festa giroz jantziko dira adin guztietarako prestatutako egitarau zabal eta anitzarekin
Beste behin ere, San Pedro jaiak ate joka daude. Ekimen eta ekitaldi anitz eta ugariz beteriko egunak izango dira eta dena prest dago jaiei hasiera emateko. Ekainaren 28tik uztailaren 1era bitartean egongo dira eta erromeriak, danborradak, kalejirak, piroteknia ikuskizunak, eta umeentzako jolasak ere ez dira faltako.
Nobedade gisa, bezperan egongo den casteller taldea azpimarratu daiteke;, baita San Pedro egunean, egongo diren Arrasateko erraldoi eta buruhandien konpartsa edo Lekittoko Deabruak pirotekniarekin kalejira ere; eta aipatzekoa aurten haurren danborrada ekainaren 30ean goizeko 12:00etan izango dela eta uztailaren 1eko herri bazkaria plaza ondoko errepidean egingo dela.
Hemen EGITARAUA OSORIK
Txupinazoa
Jaiei hasiera emango dien txupinazoa Tximeleta gelako ordezkariek botako dute.
Tximeleta Gela Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolako Aspaceko gela egonkorra da. Ikasgela eta proiektu partekatu hau eskola zein gizarte inklusiboa lortzeko bidean sortu zen 2014-2015 ikasturtean.
Proiektu honen erronka eta helburua ikasle guztien presentzia, parte-hartzea eta garapena bermatzea da. Ikasle bakoitza den bezala, baldintzarik gabe onartzea, eta norbanako bakoitzaren ongizatea, garapena eta arrakasta ahalbideratuko dituzten aukerak eskaintzea.
Sokamuturra
Ekainaren 29an goizeko 8:00etan sokamuturra egongo da. Gogoratu 16 urtetik beherakoek eta alkohola edo beste sustantziaren baten eranginpean daudenek debekatuta dutela sokamuturrean parte-hartzea
Sokamuturra udaletxeko balkoitik ikusi nahi dutenek izena eman dezakete H@ZI zerbitzuan (telf. 943 71 44 07) edo whatsappez 650 49 51 66 telefonoan, ekainaren 26a baino lehen. Aforoa baino pertsona gehiagok izena emanez gero, zozketa egingo da.
Herri bazkaria
Bazkari herrikoirako txartelak salgai daude udaletxean, kiroldegian, Inkernun eta O ‘Dorghertin ekainaren 24ra arte. Prezioak honako hauek dira: 21 euro 18 urtetik gorakoentzat eta 12 euro adin txikikoentzat. Internet bidez ere eros daitezke www.bibe.me webgunean (internetetik erosita 1€ gehiago).
Herri bazkariko mahai erreserbak HEMEN egin daitezke ekainaren 26a baino lehen.
Piroteknia
Aurten pirotekniazaleek aukera izango dute Lekittoko Deabruak egingo duten AKELARRE FOC kalejira zirraragarria ikusteko. Kalejira ekainaren 29an 23:00etan izango da, eta ikuskizunean zehar su-txinpartak egongo direnez, gomendatzen da arropa zaharra edo bakeroa, manga luzea, praka luzeak eta txanoa janztea.
Hurrengo egunean, ekainaren 30ean, gauerdian (00:00) Gernika plazatik suzko erruberak botako dira. Hauek ikusteko leku aproposena Olazar auzoa da, errekaren bestealdetik.
Aldaketak
Eguraldiagatik edo beste ezustekoengatik programan aldaketarik egonez gero, webgune honen eta udal APParen bidez jakinaraziko dira.
Eskoriatzako udalak Jai zoriontsuak opa dizkizue!!