Jubilatuen 50. omenaldian, giro ezinhobea

2024 / 09 / 30

Atzo, irailak 29, 65 urtetik gorako eskoriatzarrei egiten zaien urteroko omenaldian 149 lagun elkartu ziren eta azken 50 urteetako ospakizunak gogoan, esker ona adierazi zitzaien urte hauetan lanean jardun duten boluntario guztiei.

11:30ean meza nagusia izan zuten San Pedro elizan, irteeran txistulariak izan zituzten zain, eta 14:00etan hasi zen bazkaria pilotalekuan.

Bazkalostean, bazkarira joandako emakume eta gizonezko nagusienak omendu zituzten: María Melgar Vivas, 93 urteko emakumea, eta Jose Mari Romaratezabala Badiola, aste honetan 92 urte beteko dituen gizonezkoa. Bertaratutakoen txalo zaparradaren artean Mariari lore sorta eder bat eman zion Edorta Zubizarreta alkateak, eta Jose Mariri, berriz, txapela jarri Dorleta Sologaistoa zinegotziak.

Omenduekin jarraitzeko, bere garaian jubilatuen omenaldia egiten hasi zirenei, Herrikoiakoei, arrosa bana eman zitzaien eta baita azken urteetan zerbitzari lanetan egon direnei ere, beraien laguntzagatik eskerrak emateko.

Ondoren, herriko denda, taberna, banketxe, enpresa, eta udalak emandako opariak banatu zituzten erretiratuen elkarteko kideek.

Jaiarekin bukatzeko, Elizondoko Jose Angel musikariak dantzan jarri zuen jende asko, amaiera ezinhobea emanez oso giro ederrean joan zen egunari.

Azkenik, aipamen berezia egin behar zaie Olazar jubilatuen juntako kideei, beraien laguntza ezinbestekoa delako egun berezi hau egin ahal izateko.

Udalaren izenean, eskerrik beroenak urte hauetan lanean jardun duten boluntario guztiei!

Hona hemen zenbait urtetan egon diren omenaldietako argazki-bilduma.