Hamaika aukera, abenduan disfrutatzeko

2024 / 12 / 11

Eskoriatzan kultur programazio zabala prestatu da abendurako eta eskoriatzarren gustukoa izatea espero dugu

Ostiral honetan, abenduak 13, “Ongi etorri Gabonak” jaia ospatuko da Intxaurtxuetan, umeentzako tailerrak, txokolate-jana eta musika egongo dira. Ostiralean bertan, plazan, Arizmendi ikastolak Behe Nafarroako Donamartiri herrian kokatzen den Arberoa Ikastolari laguntzeko ekimen bat antolatu du, eta eguna bukatzeko,  19:00etan, Sukha hotelean, Paco Etxebarria forenseak hitzaldi bat emango du, “Indicios y evidencias forenses en la investigación criminal”.

Larunbatean, hilak 14, “Baso guztien barnetik, uste guztien gainetik” erakusketa zabalduko da Ibarraundin, eta arratsaldeko 18:00etan, leku berean, ipuin kontaketa egongo da Dorleta Kortazarrekin: “Eskoriatzako eta Gatzagako betiko ipuiñek”.

Abenduaren 15ean, igandea, arratsaldeko 17:00etan, Logela Multimedia taldeak “Anbotoko Mari” antzezlana aurkeztuko du Zaldibar antzokian. Multimedia antzerki lan honek bideo-antzerkia eta musika uztartzen ditu Gariren istorioa kontatzeko. Gari, bere lagunekin haserretu eta Mari jainkosaren kobazulora joatea erabakitzen duen haurra da. Han, harri magiko bat aurkituko du, eta, harria bere lekutik mugitu behar ez dela ohartarazten dion ahotsari entzungor eginez, lapurtu egingo du bere lagunei erakusteko. … Nola amaituko da abentura?

Hilaren 18rako, jubilatuen elkarteak, urtero bezala, Santo Tomaseko txistor-jana antolatu du. Ostiralean, berriz, Beheko Errota musika eskolak Gabonetako kontzertua eskainiko du kiroldegian, eta bertan izango dira hainbat musika talde eta musika banda.

Abenduaren 21ean, larunbata, 19:00etan, Zaldibar antzokian, Eñaut Zubizarretak bere azken lana aurkeztuko digu, Doodem, musika, dantza eta kultura nahasten dituen emanaldi multidiziplinarra, Xalbador Lakuntza saxo baritonoak eta Amaiur Luluaga dantzariak lagunduta.

Igandean, 19:00etan, Zaldibar antzokian, Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak “Almazenean” lana antzeztuko dute. Bertan, erretiratzear dagoen arduradun batek (Iker Galartza) eta hura ordezkatuko duen pertsonak (Zuhaitz Gurrutxaga), ezinbestean, bost egunez lan tokia partekatuko dute, itxuraz ezer gertatzen ez den almazen huts batean.

David Desola idazle katalanaren komedia garratz eta zorrotz honek lan-esplotazioari eta kapitalismoari buruzko hausnarketa egiten du, eta Hermanos Machado Saria jaso zuen 2003an.

Anbotoko Mari, Doodem eta Almazenerako sarrerak aldez aurretik salgai daude kiroldegian eta www.bibe.me webgunean (online, euro 1 gehiago).