Hondakinen zerga-kobrantza urtean lautan egingo da
2025 / 02 / 17Udalbatzak 2024ko urriaren 24an izandako plenoan onartu zuen 2025eko Ordenantza Fiskaletan hondakinen zerga %39 igotzea, eta igoera handia izango denez, ordainketak urtean bitan egin beharrean, urtean lautan banatuta kobratzea.
Igoera horrekin zerbitzu honen kostua %100 estalita geratuko da eta hori da Europatik datorren zuzentarau batek agintzen duena, hain zuzen ere hondakinen bilketan “zero kostuko” politika nagusitzea, eta bilketa, banaketa eta tratamenduen kostuak %100ean zerga bidez finantzatzea. Gainera, 7/2022 Legeak agintzen du Europako zuzentarau hori 2025.urtean bete behar dela beranduenik.
Igoera handia denez eta herritarrengan eragin nabarmena izango duela kontuan izanik, kobrantzak urtean bitan egin beharrean, lautan banatzea erabaki zuen udalbatzak. Hala, martxoaren 5ean egingo da lehenengo kobrantza, eta hurrengoak ekainaren 6an, irailaren 5ean eta abenduaren 5ean.
Honen berri zabaltzen da, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.