Aste Berdea guztiontzako jarduerekin dator!
2025 / 10 / 03Eskoriatzak Aste Berdea ospatuko du urriaren 8tik 18ra, eta Udalak, herriko hainbat eragile eta herritarrekin elkarlanean, ingurumenarekin eta iraunkortasunarekiko konpromisoarekin lotutako jarduera sorta antolatu du: hitzaldiak, aire zabaleko irteerak eta gure naturguneak zaintzeko ekintza komunitarioak.
URRIAK 8
Etxebizitza eta eraikinen birgaitzean lagunduz: RENPOWER-BiBiZi eredu integrala eta komunitarioa Eskoriatzan.
Ibarraundi museoan, 18:30ean.
Renpower proiektuak etxe pribatuen jabeak ahaldundu eta lagundu nahi ditu haien etxeetako efizientzia eta erosotasuna hobetu dezaten, herritarrei zuzendutako leihatila bakarreko birgaitze zerbitzu integralak eskainiz. Horrekin etxejabeentzat trantsizio energetiko justua bermatu nahi du proiektuak.
Bide horretan, GOIENERek Eskoriatzako bizilagun komunitate batean egin duen energia erabileraren ikerketaren berri emango du eta aurrerantzean jarraitu dezaketen bideorriaren aurkezpena egingo du.
Horrez gain, aste honetan zehar, ikastetxeek Ikastetxeklik programaren barruan kontsumoa murrizteko hartutako neurrien eta lortutako emaitzen berri emango da Udalaren webgunean.
URRIAK 12
Natura eta kultura lotzen dituen jarduera: Iturburuen ibilbidea.
Plazan, 9:00etan.
Ibilbide honetan, Karoi baserriko Xixilio Agirianok iturburuez gain, tokiko toponimia aberatsa ere erakutsiko du: herriaren tradizio eta bizimoduekin oso lotuta dauden eta belaunaldiak markatu dituzten antzinako izenak.
URRIAK 16
Konponbide txikiak biodibertsitatearen krisiaren aurrean: Tximeleten oasiak.
Ibarraundi museoan, 18:30ean.
Biodibertsitatea larrialdi gorrian dagoen honetan, natura eta haren aniztasuna babesteko helburuz, Iris Lasagabaster Fundazioa sortu da Eskoriatzan.
Fundazioko biologoa den Pedro Lasagabaster Armendarizek krisialdi honen berri emango digu, baita horri aurre egiteko burutu daitezkeen hainbat ekimen aurkeztu ere.
TORTOLIS ludotekak ere parte hartuko du Aste Berdean. Haurrek tximeleten gaineko eskulanak egingo dituzte eta hitzaldian erakusgai jarriko dituzte.
URRIAK 18
Erreka garbiketa.
Plazan, 10:00etan.
Deba ibaia eta bere adarrak garbituko dira beste behin bailara mailako auzolanean. Ekimen sinboliko honetan errekatik aterako den zabor kopuru handiak baino egiteko moduak hartuko du garrantzia, aukera emango baitigu herritarroi naturaz dugun harremanaz hausnartzeko, herriaren zaintzaren ardura hartzeko eta herrikideen arteko harremanak sustatzeko.
Antolatzailea: Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean
Ez galdu gure inguruaz hausnartzeko eta jarduteko aukera hau!
Aste Berdean ikusiko dugu elkar!