Eskoriatzako ikastetxeek energia eta ur kontsumoa murriztu dute

2025 / 10 / 22

Energia gehiegi kontsumitzeak klima-aldaketa eta ingurumen-degradazioa eragiten ditu. Horri aurre egiteko berebiziko garrantzia du kontsumoa murrizteak, eta Aste Berdean, besteak beste, gai hori jorratu nahi izan dugu. Etxebizitzak energetikoki birgaitzen laguntzeko den, eta ondorioz energia kontsumoa murrizteko, Renpower proiektua aurkeztuz eman genion hasiera aurtengo Aste Berdeari. Eta bukaera emateko, ikastetxeetako esperientzia kontatu nahi dugu.

Eskoriatzako ikastetxeek IkastetxeKlik proiektuan parte hartu dute, ikastetxeetan energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko proiektua. Hezkuntza-komunitate osoaren lankidetza eta parte-hartze aktiboa sustatu eta trantsizio energetikoaren gaia gizarteratu nahi izan du proiektuak.

Debagoiena 2030 ekimenak bultzatu zuen proiektua bailaran, udalen laguntzarekin, tartean Eskoriatzakoarena, eta iraun zuen bi ikasturteetan, energia eraginkortasunaren alorrean lanean dabilen ekoON enpresaren laguntza ere izan zuten.

Eskoriatzan, Ikastetxeklik proiektuaren helburu nagusia Arizmendi ikastolako Almen guneko eta Luis Ezeiza Herri Eskolako eraikinetako energia eta ur kontsumoak murriztea izan da. Horretarako argindarra edota ura zelan aurreztu ikasi zuten, formazio saioak izan zituzten, luxometroak erabiltzen ikasi eta eguzki sukaldeak ere ezagutu eta erabili zituzten.

Hainbat neurri jarri zituzten martxan

Energia batzorde bat sortu eta hilabetero batu zen. EkoOnekin batera hainbat neurri proposatu zituzten energia kontsumoa aurrezteko, hala nola, ur-iturrien isurketak kontrolatzeko bridak jartzea, komuneko zisternetan ur botilak jartzea, beharrezkoak ez diren argiak kentzea, kontsumo gutxiko argiak jartzea edo kontsumo-mamuak identifikatzea, berogailuen egutegi eta ordutegiak egokitzea, ekipo guztiak (ordenagailuak, inprimagailuak) energia aurrezteko moduan programatzea…

Lortutako emaitzak

IkastetxeKlik proiektuaren lehenengo ikasturtean lortu ziren murrizketa handienak bi ikastetxeetan. Almenen kasuan, argindarra % 4,8an murriztu zuten; gasa, % 18,7an eta ura, % 33,4an. Luis Ezeizan, berriz, argindarra, %32an; gasa, %41,6an eta ura, %21,3an. Esan beharra dago gas kontsumorik handiena neguan izaten dela, berogailua pizten den hilabeteetan, eta beraz, neguko eguraldiaren arabera asko alda daiteke kontsumoa.

Aurten kanpo-aholkularitzarik ez badute ere, ikastetxeek dagoeneko barneratu dituzte eman beharreko urratsak eta aplikatu beharreko neurriak, eta horretan jarraitzen dute.

Emandako pausuak ondo dokumentatu eta jaso dituzte. Hona hemen, jarraian,  kontsumoak murrizteko egindako dekalogoa 

Energia garbi eta merkeena, kontsumitzen ez dena!