Eskolako Agenda 2030eko esku-hartze plana martxan

2026 / 01 / 29

Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolak eta Almen Ikastolak Eskolako Agenda 2030 programaren baitan landutako esku-hartze plana martxan jarri dute, zuhaitz baten landaketa bateratuarekin.

Zer da Eskolako Agenda 2030?

Eskolako Agenda 2030 ikasleek jasangarritasunari buruz hausnartu eta ekiteko hezkuntza-programa da, Nazio Batuen Agenda 2030ean oinarritua. Mundu mailan adostutako ekintza-esparru bat da eta 17 Garapen Jasangarriko Helburuak tokiko errealitatera egokituz, ikasleak beren inguruan eragile aktibo bihurtzea du xede.

Bi ikasturteko prozesua

Eskoriatzako ikastetxeek lehenengo ikasturtean, 15. GIH-a, Lurreko Ekosistemak, landu zuten honako alderdiak aztertuz:

  • Biodibertsitateak Eskoriatzan izan ditzakeen onurak ezagutzea, eta berdeguneek herrian duten garrantziaz jabetzea.
  • Herriko berdeguneen, bereziki eskola ingurukoen, ezagutza maila aztertzea.
  • Eskola inguruko gune naturalak balioan jartzeko egin daitezkeen ekintzak proposatzea, erabilera didaktikoak barne.

Lanketa horren ondoren, ikasleek diagnostikoa egin, ondorioak atera eta lehentasunak adostu zituzten.

Bigarren ikasturte honetan, berriz, identifikatutako ideiak ekintza zehatzetan gauzatzeko garaia iritsi da, eta ondorengo jarduerak planifikatu eta martxan jarri dituzte:

  • Intsektuen hotelak ikastetxeetan eta udaletxean jartzeko lanketa, eta horri lotuta Mazmelako erlategira egindako bisita.
  • Gaurko zuhaitz landaketa antolatu.
  • Erreka Garbiketa Egunean parte hartzea, DEBA – Deba Erreka Bizi Auzolanean ekimenaren baitan.
  • Belardiak ez mozteko ekimenaren inguruko informazioa prestatzea herritarrentzat.
  • Bioaniztasunari eta espezieei buruzko informazio kartelak sortzea.

Ekimen hauen bidez, ikasleek ingurumenaren zaintza, parte-hartzea eta herriaren etorkizun jasangarria lantzen dituzte, ikasgelatik harago eragina duen hezkuntza prozesu baten bidez.