Pedagogia feminista programa abiatu da herriko ikastetxeetan
2026 / 09 / 16
Eskoriatzako eta Aretxabaletako ikastetxeek 2026-2027 ikasturtean martxan izango duten programa honek haur eta nerabeen tratu onak, heziketa sexuala eta indarkeria matxistaren prebentzioa eta lanketa sustatzea izango ditu helburu. Ikasleei zuzendutako tailerrez gain, irakasle eta gurasoei tailer horietan landutakoa aurkeztuko zaie eta ikastetxeei aholkularitza eskainiko zaizkie.
Martxoan Aretxabaleta eta Eskoriatza udalerriek 2026-2029 aldirako Ongizate Emozionalaren Sustapena eta Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana jarriko zuten martxan. Hurrengo lau urteetan garatuko den plan horren helburua haur, nerabe eta gazteen ongizate emozionala indartzea eta adikzioen prebentzioan urrats sendoak ematea da, ikuspegi komunitario batetik.
Plan horretan jasotako ekintzetako bat bi udalerrietako ikastetxeetan haur eta nerabeen pedagogia feministen programa martxan jartzea zen.
Programa Aretxabaleta eta Eskoriatzako ikastetxeetan garatuko da: Arizmendiko Almen Gunean (Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa), Kurtzebarrin (LH eta BHI), Luis Ezeiza herri eskolan (Lehen Hezkuntza) eta Aretxabaletako Lanbide Eskolan (Hasierako Lanbide Heziketa). Hartzaile nagusiak ikasleak izango diren arren, irakasleekin eta gurasoekin ere lanketak egingo dira, programa zeharlerrokotasunez txertatu behar baita ikastetxeetan, hezkuntza komunitate guztian eraginez.
Programaren berritasunak
Urteak daramatzate ikastetxeek ikasleei heziketa sexuala edo indarkeria matxistaren prebentziorako tailerrak eskaintzen eta orain arte ikastetxe bakoitzak ibilbide propioa egin du.
Programa honek orain arte egindako lanaren testigua hartu eta hainbat berrikuntza txertatuko ditu:
- Lehen hezkuntzatik abiatuta bi herrietako ikastetxe guztietan modu bateratuan eskainiko da.
- Prozesuzko izaera izango du, haurtzarotik nerabezarorakoa.
- Ikastetxeetako hezkidetza-planak aktibatzen lagunduko du.
- Landuko diren edukietan berrikuntzak txertatu dira.
Helburuak eta edukiak
Programak bi ardatz nagusi izango ditu: batetik, tratu onak eta heziketa sexuala eta bestetik indarkeria matxistaren prebentzioa eta lanketa. Ardatz horietan oinarrituta, honako helburuak ditu:
- Tratu onak eta heziketa sexualari dagokionez, pentsamendu kritikoa garatzea, ikasleek dituzten iruditegi, balore, estereotipo, jarrera eta jokaera matxistak aldatzeko; zaintzaren etika sustatzea (norberaren zaintza, ingurukoena eta naturaren zaintza azpimarratuz); berdintasunean, aniztasunean, erantzukidetasunean, plazerean, desioan, askatasunean eta errespetuan oinarritutako sexualitatearen eta harreman afektiboen ikuspegia lantzea.
- Indarkeria matxista eta diskriminazioa egoerak identifikatzeko gaitasuna garatzea, erasotzaile eta biktimaren iruditegia berrikusteak eta indarkeria matxistari aurre egiteko estrategiak garatzea eta tresnak sortzea.
Programak landuko dituen edukiei dagokionez, nesken ahalduntzea eta autodefentsa feminista, gizontasuna, maskulinitatea eta pribilegioen autokritika, hezkuntza sexuala, hezkuntza afektiboa (harremanak, afektuak eta maitasuna), LGTBIAQ+ pertsonak (bestelako identitateak ikusaraztea, LGTBIfobia lantzea).
Zerbitzua Xelebreak Aniztasuna enpresak eskainiko du eta programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du.
