Udalaren egoera ekonomikoa 2014an
2014 / 05 / 13Apirileko osoko bilkuran Eskoriatzako Udalaren aurrekontu kitapena aurkeztu zen, 800.000 €-ko emaitza positiboa aurkezten duena. Egindako kudeaketa ekonomiko onaren ondorio da, zuhurtziaz eta arduraz jokatuz lortu dena. Eskoriatzako beharretara egokitutako inbertsio eta gastuak egin dira orain arte, baina horretarako etorkizuna sakrifikatu gabe. Izan ere, Eskoriatzako udalak 3 milioi euroko maileguak hartu zituen duela urte batzuk, eta gaur egun milio eta erdira jaitsi du bankuekiko zorra.
Hori horrela, Udalak gerakinaren zati bat aktibatzea erabaki du, hau da partida berriak txertatuko dira aurrekontua, hain zuzen ere 390.000 €-ko kreditu gehigarria.
Kreditu gehigarriarekin inbertsio gehiago
Aktibatutako gerakin horrekin honako hauek egiteko asmoa du Udalak:
- San Pedro auzoko berrurbanizazioaren III. fasea exekutatzea (100.000 €)
- Torrebaso inguruan: zuhaitz parkeari jarraipena ematea eta turismoa erakartzeko autokarabana gune bat egitea.
- Atxorrotzeko gazteluaren indusketa eta gizartzeratze proiektuko azken fasea gauzatzea.
- Argiteria publikoan efizentzia bilatze aldera, inbertsioak egingo dira Liburutegia eta San Pedro artean eta baita plaza inguruan ere.
- Joseba Iñurrategi pilotalekuan eta Luis Ezeiza eskolan hobekuntza lanak egingo dira.
- Elizateetan inbertsio berriak.
- Zaharren egoitzako obrak finantzatzeko ekarpena.
- Auzokonpost gune berriak egokituko dira.
- Udal ibilgailu berriak erosiko dira.
- Eskohitza parte-hartze prozesuan jasotako eskaerei erantzunez, Santa Mariñe plaza estaliko da, erabilera anitzeko espazio ireki-babestua sortuz.
Baita enpleguaren sustapena ere
Dena ez da, baina, inbertsioa izango, Udalak Gizarte Larrialdietarako laguntzak gehituko ditu, herritarren beharrizanei erantzutea baita Udalaren lehentasunetako bat. Eta gainera, Lanbideko dirulaguntzez baliaturik, tokiko enplegua sustatzeko honako kontratazioak egingo dira:
- Kontratazio bi prorrogatu egingo dira (2-3 hilabetez)
- Adminsitrari bat kontratatu da
- Informatikari bat eta pioi bat kontratatuko dira.
Erronka berriak 2014ko bigarren hiruhilekoan
Bigarren hiruhileko honetan, dagoeneko hasita dauden proiektu batzuk bukatuko egingo dira eta beste batzuk martxan jarriko dira, hala nola:
- Zaldibar Antzokiko III. faseko obrak. Antzokia irailean zabaltzea aurreikusten da.
- Peatonalizazioa martxan jartzeko obrak bukatu eta ibilgailuen abiadura murrizteko neurriak hartuko dira.
- Kontratazio arduratsurako instrukzio bat garatuko da, Udalak egiten dituen erosketa eta kontratuetan ingurumenaren zaintza, euskara, etika, enpleguaren kalitatea eta berdintasun klausulak bermatze aldera.
- Kanposantua eta Olazar auzoko magala egonkortzeko lanak hasiko dira.
- Gazte lokalen eta tabernetako terrazen inguruko parte-hartze prozezsuak martxan jarriko dira, ordenantzak garatzeko asmoarekin.
- Kiroldegiko obrak martxan jarriko dira, urrirako berriz ohiko martxan egon dadin.
- “Lanera bizikletan” mugikortasuna eta garraio publikoa hobetzeko ekimenetan parte-hartuko da GFA-ren laguntzarekin.
Herri kontuen epaitegiko ikuskaritza
Apirileko osoko bilkuran, gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko ikuskaritzaren informazioa ere eman zen. Udala pozik dago ikuskaritza horretan agertutako emaitzarekin, izan ere aspektu askotan zorionak jaso baititu ikuskaritzaren ondorioz, eta gainera, hobekuntzarako zenbait irizpide ere eman zaizkio. Ikuskaritzaren ondorio esanguratsuena da Udalak finantza aldetik kaudimen ekonomikoa duela, egoki funtzionatzeko behar beste baliabide ere badituela, eta etorkizunean, zorpetu beharrik izan gabe, inbertsioak egiteko baliabideak ere bai.