Igandean omenaldia jaso zuten herriko jubilatuek

2014 / 10 / 01

Irailaren 28an urteroko  omenaldia jaso zuten 65 urtetik gorako eskoriatzarrek. Bazkaritara 200 lagun elkartu ziren.

Giroa berotzen hasteko, 11:00etatik 12:30era salda izan zuten erretiratuen etxean; 12:00etan, berriz, meza nagusia San Pedro elizan, irteeran txistulariak izan zituztelarik zain; eta, gero, 14:00etan, bazkaria pilotalekuan.

Bazkalostean, bazkarira joandako emakume eta gizonezko nagusienak omendu zituzten, hain zuzen ere, aurreko urtean bezalaxe, Elena San Vicente, 91 urteko emakumea, eta Pablo Ganboa, 96 urteko gizonezkoa. Elenari lore sorta eder bat eman zion Jose Mª Herze zinegotziak, eta Pablori txapela jarri zion Arantza Iregi zinegotziak, bertaratutakoen txalo zaparrada artean.

P9280016

 Ondoren, herriko denda, taberna, banketxe, enpresa, Olazar jubilatu elkarteak berak, eta Udalak emandako opariak banatu zituzten erretiratuen elkarteko kideek.

Azkenik,  bukatzeko, dantza izan zuten Juan Carlos Zubiak jarritako musikarekin, etorritako guztiek oso giro ederrean pasatu zuten eguna.

Ikusi eguneko argazkiak.