190 lagun elkartu ziren jubilatuen omenaldian
2019 / 10 / 01Irailaren 29an, urtero bezala, 65 urtetik gorakoek omenaldia jaso zuten pilotalekuan. Bertan 190 jubilatu inguru elkartu ziren.
Giroa berotzen hasteko, 11:00ak eta 12:30ak bitartean salda izan zuten erretiratuen etxean eta 12:30etan, berriz, meza nagusia San Pedro elizan. Irteeran txistulariak izan zituzten zain eta 14:00etan bazkaria hasi zen pilotalekuan.
Bazkalostean, bazkarira joandako emakume eta gizonezko nagusienak omendu zituzten: Elena San Vicente, 96 urteko emakumea, eta Pablo Gamboa, 101 urteko gizonezkoa. Elenari lore sorta eder bat eman zion Joserra Zubizarreta alkateak, eta Pablori txapela jarri zion Maite Uribe zinegotziak, bertaratutakoen txalo zaparrada artean.
Ondoren, herriko denda, taberna, banketxe, enpresa, eta Udalak emandako opariak banatu zituzten erretiratuen elkarteko kideek.
Azkenik, bukatzeko, dantzaldia izan zuten. Bazkarira joandako guztiek oso giro ederrean pasatu zuten eguna.