2015eko martxoak 8rako erakunde adierazpena
2015 / 03 / 06Emakumeen Nazioarteko Egunean badaukagu zer ospatu eta zer aldarrikatu. Baina, batez ere, nabarmendu nahi ditugu, krisialdiaren aitzakian, botere ekonomiko eta politikoak hartzen ari diren erabakiek pertsonen bizitzetan eta bereziki emakumeengan dauzkaten ondorio lazgarriak.
Diskurtso ofizialen arabera, krisia sortu da merkatuak errentagarritasuna galdu duelako. Guretzat, ordea, krisian gaude kapitala ezinezko bihurtzen ari delako bizitza duinak izatea. Krisi-egoera honetan, merkatuen errentagarritasuna handitu nahian, austeritate neurriak jarri dituzte martxan, urteetako borrokaren bitartez irabazitako eskubideak galtzeko arriskuan jarriz.
Ekonomiaren oinarrian etxeko lanak eta zaintza-lanak dauden arren, sistema kapitalistak lan hauek gutxietsi egiten ditu. Ezkutuan geratzen dira, sozialki ez dira errekonozitzen eta ordaindu ere ez. Lan-estatusa bera ukatu egiten die, nahiz eta jakin bizitzaren oinarria direla, lan-indarra sortu eta mantentzen duten lanak direlako. Eta ekonomiaren, aberastasunaren eta lanaren kontzeptuak finantzen munduarekin, lan ordainduarekin, lan-“produktiboarekin” lotzen dira, guztiaren erdigunean jarriz. Merkatu kapitalista jartzen da ekonomiaren erdigunean eta bizitza honen zerbitzura, alderantziz egin ordez.
Etxeko lanen eta zaintza-lanen ardura nagusiki emakumeei ezartzen zaiela kontuan izanda bakarrik uler daiteke emakumeek lan-merkatuan duten leku marjinala eta esplotazio bikoitza. Lan-merkatuan emakumeek gizonezkoek baino %24 gutxiago kobratzen dute. Lanaldi partzialetan dauden %80,9 emakumeak dira. Lan-merkatuak emakumeak bigarren mailako langile gisa erabiltzen ditu, haien lekua, nagusiki, etxean dagoela defendatzen duelako. Sistema kapitalista eta patriarkatua gainditzeko beharra inoiz baino ageriago agertzen zaigu, bizitza ekonomiaren erdigunean jarri ahal izateko, zaintza-lanak errekonozitzeko, sexuaren araberako lan-banaketarekin bukatzeko, bizitza duinak bizi ahal izateko.
Martxoaren 8 honetan badugu zer ospaturik, bestalde. Aurreko urteko adierazpenean abortuaren kontrarreformaren mehatxua aipatzen genuen. Mugimendu feministarekin batera gizarteko gehiengo batek egindako borrokari esker erreforma gelditzea lortu dugula ospatuko dugu. Dena den, emakumeon askatasunaren eta aniztasunaren kontrako eraso gehiago helduko dira haurdunaldia borondatez eten nahi duten 16 eta 17 urteko adingabeek, ezinbestean, aitaren eta amaren onespena beharko dutela onartutakoan. Patriarkatuaren zutabea den familia-eredu tradizionala, heteropatriarkala, indartzeko neurriak dira emakumea emazte-ama fin, otzan eta menpeko bihurtzeko helburu bakarrarekin.
Emakumeen bizi-baldintzez ari garelarik, ezin ahaztu indarkeria matxista. Indarkeria matxista sistema patriarkalaren adierazpide bat da, adierazpiderik edo ondoriorik larriena. Indarkeria matxistak 5 emakume hil ditu 2014an Euskadin; eta beste 54, Espainiar Estatuan. Indarkeria matxista salbuespeneko gertakizun bat ez den neurrian eta gure egunerokotasunean bizi dugun neurrian, lehen mailako arazoa da guretzat.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau adierazi nahi dugu:
Eskoriatzako Udaleko hautetsiok, parekotasun osoa helburu izanda, emakume eta gizon askeen mundu baten alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu nahi dugu:
- Gure herria biolentziarik gabe bizitzeko eremua izateko bitartekoak jarriz.
- Emakume elkarte eta mugimendu feministarekin elkarlana bultzatuz.
- Gure herriko emakumeek bizitza duina izateko politikak garatuz.
- Gure desadostasun osoa adierazten dugu abortuari buruzko legedia (martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoa,sexu-eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzkoa) aldatzeko, eta 16 eta 17 urteko adingabeek haurdunaldia beraien gurasoen edo legezko tutoreen onespenik gabe etetea galarazteko, parlamentuko talde popularrak egindako lege proposamenarekin.
Emakumeen elkarteak eta mugimendu feministak martxoaren 8rako gure herrian deituriko elkarretaratzearekin bat egiten dugu.