Abian da balkoiak apaintzeko lehiaketan izena emateko epea
2015 / 06 / 10Eskoriatzako Udaleko Kultura batzordeak antolatutako lehiaketa honen helburua gure herriko leihoak eta balkoiak loreekin apaintzeko herritarrak animatzea da. Horrela, herria edertzea lortuko dugu eta udaberri/uda garaian herriko kale nahiz fatxadetan, loreak protagonista nagusi izatea.
Lanak.
Lehiaketan parte hartzeko Eskoriatzako hirigunean dauden etxeetako leihoak eta balkoiak lorez edota landarez apaindu beharko dira, baina apaindutako leihoa/balkoia kaletik begiratuta ikusteko moduan egon beharko da.
Lore apainketaren diseinua erabat librea izango da, eta ekainaren 12rako balkoi guztiak prest egon beharko dira epaimahaiak baloratu ahal izateko.
Balorazio irizpideak.
Balorazioa egiteko irizpide estetikoak neurtuko dira bakarrik, eta bereziki, bi hauek: batetik, lore-konposizioaren bolumen eta kolore konbinazioa; eta, bestetik, leiho edo balkoiaren kokapenaren arabera egindako egokitzapena.
Sariak.
. Sari bakarra egongo da: 100 axtroki.
. Bi accesit izango dira (ezusteko sariak), epaimahaiak aukeratuko dituenak nori eman.
Aukeratutako balkoiak.
Nahi duenak izena eman dezake lehiaketan parte hartzeko, eta edozeinek proposatu ahal izango du balkoi edo leiho bat, hau da, norbaitek bere gustuko balkoiren bat ikusten baldin badu, balkoi hori proposatu ahal izango du epaimahaiak kontuan har dezan.
Leiho edo balkoiak proposatzeko Kultur Etxera jo beharko da, 943 7146 88 telefonora deitu edo kultura@eskoriatza.eus helbidera idatzi.
Aukeratutako balkoi edo leihoen argazkiak Kultur Etxeko sarreran eta interneten egongo dira ekainaren 17tik 21ra.
Epaimahaia eta botoak.
Nahi duenak bere botoa eman ahal izango du, baina, pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du
Irabazlea aukeratzeko hiru boto izango dira: bata kultura batzordeak emango du; bestea, Olazar jubilatu elkarteak; eta, azkena, herri bozketatik ateratakoa.
Epaimahaiaren erabakia San Pedro bezperan, ekainak 28, jakinaraziko da ohiko komunikazio bideetatik.
Oinarriak onartzea eta interpretatzea.
Lehiaketan parte hartzen dutenek, oinarri hauek osotasunean onartu beharko dituzte eta baita, arautu gabeko edozein kasuren aurrean, Eskoriatzako Udalak hartuko dituen erabakiak ere.