ADIERAZPEN INSTITUZIONALA: SAEDen aldarrikapenaren 40. urteurrena dela eta
2016 / 02 / 24Otsailaren 27an beteko da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela 40. urteurrena, hori dela eta Eskoriatzako Udalak, 2016ko otsailaren 23an egindako ohiko plenoan aho batez erabaki du gertakari historiko horrekin bat egitea eta beste urte batez ere garbi erakustea Saharar Herriarekin duen konpromiso tinkoa.
ACNUR, Nazio Batuen Erakundeko errefuxiatuen agentziak salatu zuenaren arabera, Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan 2015eko urrian eroritako uholde-euriek 90.000 lagun baino gehiagori eragin diete, hauetako 25.000 pertsonek etxea galdu dute eta jakirik gabe geratu direlarik.
UPV EHUko Hegoa Institutuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskal Fondoaren sostenguarekin burututako hainbat ikerkuntzak froga berriak ekarri dituzte Marokoko Gobernuak saharar herritarren artean egindako bortxazko desagertzeei eta bonbardaketei buruz. Ikerkuntza horiek, gainera, baliagarriak izaten ari dira Saharar Herriaren aurkako genozidioagatik jarritako kereilaren ikerketan, eta egia, justizia eta ordainketa lortzeko eskarietan.
Hori guztia dela eta, Eskoriatzako Udalak ondorengoa adierazten du:
- Berretsi egiten du SAEDeko gobernu legitimoa eta Fronte POLISARIOA errekonozitzen dituela, eta behin berriro aldarrikatzen du Saharar Herriak legez duen autodeterminatzeko eskubidea. Era berean, Espainiako Gobernuari eskatzen dio eman diezaiola estatus diplomatikoa Fronte POLISARIOAren Espainiako Ordezkaritzari, bera baita Saharar Herriaren ordezkari bakar eta legitimoa, NBEk hala aitortua.
- Espainiako Gobernuari eta nazioarteko komunitateari eskatzen die bultza ditzatela beharrezko ekimen politiko guztiak konponbide zuzen eta behin betiko bat erdiesteko, erreferendum baten bidez, Nazio Batuen ebazpenen arabera.
- Marokoko agintariei eskatzen die bertan behera utz dezatela giza eskubideen alde diharduten saharar aktibisten aurkako jazargoa, saharar preso politikoak aska ditzatela eta argi dezatela desagertutako 400 saharar baino gehiagoren patua.
- Espainiako Estatuari eskatzen dio har dezala bere gain duen erantzukizun historikoa; aktiboki lan egin dezala Europar Batasunaren barruan eta aprobetxa dezala Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan dagoela, MINURSOri luzatu dakion Mendebaldeko Saharan giza eskubideak zaintzeko emana duen agindua.
- Berretsi egiten du bere konpromisoa lan egiteko bai Tindufen (Aljeria) babestuta dauden errefuxiatu-kanpamenduetan, bai Marokok legez kontra okupatutako lurraldeetan, Euskal gizarteak Saharar Herriak bere askatasunaren alde daraman borroka zilegiari ematen dion sostenguaren erakusgarri.
- Bene-benetan eskertzen du euskal herritarren lankidetza interes-gabea eta eskuzabaltasuna, horiei esker aurrera eraman daitezkeelako Saharar Herriarekiko lankidetza-proiektuak, hala nola den euskal elkartasun-karabana, Oporrak Bakean, e.a.
Hori horrela, otsailaren 27an, 40. urteurrena gogoratuz, udaletxeko balkoian Saharako bandera jarriko da.