APIRILa BIRIBILa liburuak irakurtzeko mila
2016 / 04 / 13Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, irakurzaletasuna sustatzeko hainbat ekitaldiz osatutako programa antolatu du Eskoriatzako Udalak apirilaren amaierarako.
Helburua: kultura eta herritarrak elkartzea irakurketaren, liburuen, animazioaren eta jokoen bidez.
Topaketak idazleekin, hitzaldi bat, kontu kontalariak nagusientzat zein umeentzat, bigarren eskuko liburuen azoka, mikrokontakizunen irakurketa publikoa, ipuin musikatua eta “Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu” lehiaketak osatzen dute prestatutako eskaintza.
Lehenengo ekitaldia apirilaren 20an, asteazkena, izango da. Egun horretan, Jon Sarasuak munduan zehar hizkuntz-komunitate gutxituetara egindako bidaietan jasotako gogoetekin egindako “Bost Truke” bere liburua aurkeztuko du Zaldibar antzokian (euskaraz).
Ostiralean, 22:30ean, Zaldibar antzokian hau ere, Joxemari Carrerek ipuin pre-erotikoak kontatuko dizkigu euskaraz. Sarrera 4 euro izango da.
Larunbatean, 17:00etan, irekiko da Zaldibar antzokiaren inguruan bigarren eskuko liburuen azoka. Liburu guztiek euro 1 balioko dute, eta bildutako dirua herriko familia behartsuetako haurrentzako eskolako materiala erosteko erabiliko da. Proiektu honetan parte hartu nahi dutenek bibliotekara eraman ditzakete beraien liburuak.
18:30ean, Zaldibar antzokian, eta Musika Eskolak antolatuta, ipuin musikatua entzuteko aukera izango dugu; eta ondoren, 19:15ean, mikrokontakizunen irakurketa publikoa egongo da. Nahi duenak berak hautatutako hizkuntzan irakurri ahal izango du mikrokontakizun bat, baina, ekintza hobeto antolatzeko aurrez liburutegian izena ematea komeni da.
Eguna amaitzeko “Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu” lehiaketako sariak banatuko dira eta irabazleen lanak irakurriko dira.
Hurrengo asteko ostegunean, apirilaren 28an, 18:00etan, Pello Añorga izango da udal liburutegian ipuinak kontatzen.
Apirilaren 23a egun berezia da literaturan, idazle asko jaio edo hil baitziren egun horretan, esate baterako, Maurice Druon, Laxness, Vladimir Nabokov, Josep Pla edo Manuel Mejia Vallejo. Baina, egun hori munduan ezaguna da nazioarteko literaturako hiru idazle handi hil zirelako egun horretan: Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Garcilaso de la Vega.
Hala ere, bakarrik Garcilaso hil zen egun horretan, Cervantes apirilaren 22an hil baitzen, nahiz eta hurrengo egunean lurperatu zuten, eta Shakespeare apirilaren 23an hil zen, baina, egutegi julianokoan, gregorianoan (gaur egun erabiltzen duguna) maiatzaren 3an izango litzatekeena.
UNESCOk 1995ean onartu zuen apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguntzat hartzeko erabakia. Gainera, 2001etik hiri bat izendatzen da urtero Liburuaren Munduko Hiriburu. Lehenengoa Madril izan zen urte horretan, baina, besteak beste, Alexandria, Amsterdam, Bogota eta Bangkok ere izan dira Liburuaren Munduko Hiriburu. Aurten Poloniako Wroclaw hiriak jaso du ohore hori.