ARGITZEN prozesuaren aurkezpena

2025 / 09 / 02

Gutunazal hori batean ARGITZEN prozesuko Herritarren Batzarrean parte hartzeko gonbidapena jasoko dute hainbat herritarrek

Energia trantsizioaren norabidea adosteko abiatu den ARGITZEN prozesu deliberatiboaren baitan, datozen egunetan zozketaz aukeratutako Debagoieneko hainbat herritarrek euren buzoietan gutunazal hori bat jasoko dute. Bertan prozesuko Herritarren Batzarrean parte hartzeko gonbidapena aurkituko dute. Izan ere, eskualdeko 50 herritarri eskatuko diegu energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak garatzeko gomendio-sorta bat osatzea.

Gonbidapen hori jasotzen dutenek 15 eguneko epea izango dute Herritarren Batzarreko kide izateko baiezkoa edo ezezkoa emateko. Baiezkoa ematea erabakitzen dutenen artean, bigarren zozketa bat egingo da 50 kideko taldea osatzeko. Pertsona horiek udazkeneko 5 lan-saioetan parte hartzeko konpromisoa hartuko dute.

Saio horietan Herritarren Batzarrak gomendio-sorta bat landuko du galdera honi erantzuteko: “Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?”.

Prozesuan parte hartzeko ez da gaian aditua izan behar, izan ere, Herritarren Batzarreko kideei erronkari aurre egiteko informazioa eta laguntza eskainiko zaie.

Aurkezpenak herriz herri

Herritarren Batzarra abiatu aurretik, Argitzen prozesua herritarrei gerturatu eta izan ditzaketen zalantzak argitzeko asmoz, datozen egunetan aurkezpenak egingo dira eskualdeko herrietan. Aurkezpenetan prozesuaren sustatzaileak diren Mandatu Organoko herri bakoitzeko eragileek hartuko dute parte.

Eskoriatzan, aukezpena,  irailaren 24an, asteazkena,  18:00etan, kultur etxeko lehenengo pisuan egingo da .

INFORMAZIO GEHIAGO