Ate irekiak HUHEZI ezagutzeko

2023 / 11 / 13

Eskoriatzako campuseko Dorleta eraikin berria bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak; hitzordua izango da azaroaren 23an, 18:30etan. Ordubete iraungo duen bisitaldira gonbidatuta daude Eskoriatzako herritar guztiak eta eraikina ezagutzeko interesa duen edonor. Dagoeneko, irekita dago bisitaldian parte hartzeko izen-ematea.

EGITARAUA

  • 18:30 Ongi etorria Dorleta eraikineko sarreran.
  • 18:35 Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko eta Eskoriatzako Udalaren hitzarmenaren markoaren azalpen laburra eta Dorleta eraikina eraberritzeko prozesuaren azalpena. Tokia: D.0.3
  • 19:00 Talde txikietan eraikinera bisita: KoLaborategia, Biblioteka, Ikaskuntzarako espazioak…
  • 19:30 Luntxa KoopKafen.

Dorleta eraikinaren inaugurazio ofiziala pandemia garaian egin zen, hain zuzen ere, 2020ko irailaren 18an, eraikin horretan bertan egindako Mondragon Unibertsitateko ikasturte irekiera ofizialaren ekitaldian, baina sasoi hartan ezin izan zen egin inaugurazio publikorik. Azaroaren 23ko ekitaldiarekin Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak aukera eskaini nahi die eskoriatzar guztiei eraikin entzutetsu hori bertatik bertara ezagutzeko.

Izan ere, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen hezkuntza eraldaketa proiektuari erantzuteko diseinatutako eraikin horrek sari eta aipamen ugari jaso ditu duen diseinu arkitektonikoaren kalitateagatik. Adibidez, 2021ean, Bienal Española de Arquitectura y Urbanismo saria, Beau 2021 Arkitektura Saria, irabazi zuen. Hemen ikus daiteke eraikinaren birmoldaketaren emaitza: