Ate irekiak kiroldegian, ikasturtea indartsu eta osasuntsu hasteko

2015 / 09 / 09

2015-16 ikasturtea osasuntsu hastea eta 2015a fisikoki eta mentalki indartsu bukatzea da Eskoriatzako kirol zerbitzuaren helburua. Kirol eskaintzari dagokionez, iaz sortutako talde guztiak mantentzea, ordutegi zabalagoa eskaintzea eta ekintza berriak martxan jartzea da erronka:

  • Body balanzea
  • Gimnasia senior 60+
  • Igeriketa helduak
  • Hastapen ikastaroak
  • Pilates egiten hasteko testa
  • Fitness eta Osasun Zerbitzuan, KORRIKA TALDEA
  • Nordic Walkinga
  • Entrenamendu funtzionala

Aurten prezioak mantentzen dira guztiok ariketa fisikoaz eta kirolaz gozatu ahal izateko. Beherapenak ere izango dira zenbait kasuetan:

  • Fitness-wellness ekintzak: 2. ekintzatik aurrera %50eko beherapena merkeenean (ekintzetako bat gutxienez 2 egunekoa izan behar da).
  • Jende gutxiko ordutegietan zenbait kolektiborentzat 3 ekintza 2ren prezioan.

Ate irekiak

Ate irekiak izango dira irailaren 21etik 25era ondorengo ordutegietan.

Ate_irekiak_ordutegia

Horretarako, gonbidapenak bete eta izena eman beharko da kiroldegian. Eta urtean zehar, beti bezala, nahi duenak gonbidapenak izango ditu 2 saio doan egiteko proba moduan. Eskaintzaren xehetasun guztiak webgune honetan kontsultatu daitezke.

Kiroldegiko abonatuentzat, iaz bezala, OSASUN Fitness zerbitzua izango da astearte eta ostegunetan ondorengo ordutegian: 10:15–11:15 eta 18:30–20:30.

Ikasturte honetako berritasuna da korrika taldea sortu nahi dela elkarrekin korrika egiteko arratsaldeetan, 18:30etik 19:30era. Gogoratu ere zerbitzuaren eginkizunen artean daudela bakoitzari zer nolako ariketa fisikoa egitea komeni zaion aholkatzea –aurrez bere osasun egoera aztertu ondoren- eta kiroldegiko aretotan dauden aparatuak egoki erabiltzen erakustea. Gainera, zerbitzu horri bultzada emateko, Eskoriatzako Osasun Zentroa eta Udaleko Gizarte eta Kirol zerbitzuak elkarlanean aritu ziren iaz herritarrei “kirol errezeta medikoa” eskaintzeko, eta aurten ere apustua egin da jendea  osasun zentrotik fitness zerbitzura zuzenean bideratzeko.

Kirol ekintzetarako zein kiroldegiko abonatu izateko kiroldegian eman daiteke izena edo, nahi izanez gero, webgunetik izen emate orria jaitsi, bete eta helbide elektroniko honetara bidali: kiroldegia@eskoriatza.eus.

Kirol zerbitzuaren helburua Eskoriatzako herritarrak aktiboak izateko bideak erraztea da, betiere, OMEk ezarritako jarraibideak kontuan harturik: denbora librean jarduera fisikoa egitea, joan-etorriak ariketa fisikoa egiteko baliatzea, lanean 2 ordu baino gehiago jarraian geldirik ez egotea…, laburbilduz, egunerokotasunean ohitura osasuntsuak barneratzea. OMEk gomendatzen du astean 150 minutuz egitea intentsitate ertaineko edo handiko jarduera fisiko aerobikoa edo, gutxienez, astean 75 minutuz, jarduera aerobiko bizia eta handia.

Kontsultatu kirol eskaintza osoaren ESKUORRIA.

Eman pauso bat zure osasunaren alde!