Atzo, igandea, omenaldia jaso zuten herriko jubilatuek
2017 / 09 / 25Atzo, irailak 24, urtero bezala, 65 urtetik gorakoek omenaldia jaso zuten pilotalekuan, bertan 190 jubilatu inguru elkartu ziren.
Giroa berotzen hasteko, 12:00etan salda izan zuten erretiratuen etxean; 12:30etan, berriz, meza nagusia San Pedro elizan, irteeran txistulariak izan zituzten zain; eta, gero, 14:00etan, bazkaria pilotalekuan.
Bazkalostean, bazkarira joandako emakume eta gizonezko nagusienak omendu zituzten, hain zuzen ere, aurreko urtean bezalaxe, Elena San Vicente, 94 urteko emakumea, eta Pablo Gamboa, 99 urteko gizonezkoa. Elenari lore sorta eder bat eman zion Joserra Zubizarreta alkateak, eta Pablori txapela jarri zion Maite Uribe zinegotziak, bertaratutakoen txalo zaparrada artean.
Ondoren, herriko denda, taberna, banketxe, enpresa, eta Udalak emandako opariak banatu zituzten erretiratuen elkarteko kideek.
Azkenik, bukatzeko, dantza izan zuten Luís Miguel Lekuonak jarritako musikarekin. Bazkarira etorritako guztiek oso giro ederrean pasatu zuten eguna.