Aurten ere egingo da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia

2020 / 10 / 29

Alarma egoera berriak eraginda covid19-a geratzeko neurriak zorroztu egin badira ere, Eskoriatzako Udalak neurri guztiak bete eta segurtasun baldintzatan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldiarekin aurrera jarraitzea erabaki du, eta azaroaren 21ean Eskoriatzako kiroldegian ikusteko aukera egongo da.

Segurtasun neurriak

Urriaren 27an publikatutako 36/2020 Dekretuan jasotako neurriak zorrotz beteko dira, hori horrela  aurreko urteetan baino askoz sarrera gutxiago jarriko dira salgai, eta irizpide hauek erabiliko dira aforoa antolatzeko:

  • Kantxan aulkiak ipiniko dira, eta inor ez da lurrean eserita edo zutirik egongo.
  • Aulkiak zenbakituta egongo dira, eta norbere zenbakidun aulkian eseri beharko da bakoitza.
  • Sarrerak bizikidetza-unitateka erosi ahal izango dira. Bizikidetza-unitateak diren edo ez esateko ardura, eroslearena izango da.
  • Bizikidetza-unitatea handiagoa izan arren, elkarrekin gehienez 6 lagun eseri ahal izango dira.
  • Harmaila teleskopikoak eta finkoak erabiliko dira eta ez dira esertzeko ilada guztiak erabiliko, tartekatutakoak baizik.
  • Aulkien arten, edo aulki-multzoen artean, gutxienez 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantenduko da.
  • Kiroldegira sartzeko 3 ate egongo dira, eta norbere sarreran adierazitako atetik sartu beharko da bakoitza.
  • Sarrera-txartelean markatuta egongo da sarrerako atea, aulki ilada eta aulki zenbakia.
  • Ateak ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira eta iladan segurtasun-distantzia errespetatu beharko da.
  • Kiroldegira sartzeko eskuak garbitu beharko dira (bertan egongo da gela) eta sukarra neurtuko da.

Sarrera salmenta

Sarrerak zenbakituta salduko dira aldez aurretik eta ordainketa lehentasunez txartelarekin egingo dira, eta salbuespenez dirutan.

Prezioa: 6 €

Kultur etxean salduko dira honako egun eta orduetan:

  • Azaroaren 2tik 6ra (astelehenetik ostiralera), goizetan. (Ordutegia 9:00-13:00)
  • Azaroaren 3an eta 5ean, asteartea eta osteguna,  17:00 – 19:00.

Aforoa mugatua denez, sarrerak agortu arte egongo dira salgai. Lehenengo astean sarrera guztiak saldu ezean, hurrengo astean erabakiko da salmenta egun eta modu berriak jartzea.

Mugakideak diren herrietakoak ere (Aretxabaleta eta Leintz Gatzaga) etorri ahal izango dira ikuskizunera.

Ikuskizunean indarrean egongo diren neurriak

  • Norbere aulkian eserita egon beharko da uneoro.
  • Ezin izango da jan eta edan.
  • Maskara beti jantzita izan beharko da, 6 urtetik beherakoek izan ezik.
  • Bizikidetza-unitatean egiazkoak direla bermatzea norbere ardurapean geratzen da, ez antolatzaileen ardurapean.
  • Derrigorrez bete beharko dira antolatzaileek eskatutako neurriak.

Gomendioak

2 urtetik beherako haurrik ez eramatea gomendatzen da, batetik aforoa oso murriztua delako eta bestetik uneoro aulkian eserita egon beharko dutelako. Gainera, haur-aulkiak ere ez eramatea eskatzen da, sarrera arazoak ekiditeko.

Ikuskizunaren estreinaldia

“Amaren intxaurrak” izeneko ikuskizunarekin etorriko dira aurten Pirritx, Porrotx eta Marimotots Eskoriatzara, lan berria estreinatzera eta hauxe da ikusiko duguna:

“Amatxo Loreto duela 3 urte hil zen. Intxaurrondoa landatu zuten amatxoren oroimenez, bere agurrean. Gaur intxaurrondoak emandako lehen fruituak dastatuko dituzte. Intxaurrak jan ahala, Loretorekin bizitako abenturak partekatuko dituzte haur eta familiekin. Dolua igarota, gaur pozik daude pailazoak, berarekin akordatzen diren aldiro irria ateratzen zaielako ezpainetan, intxaur zaporeko irria. Marimototsek gordeak ditu amak emandako haziak, parkeko landare eta lore magiko guztienak. Gaurkoa egun aproposa da denok elkarrekin hazi horiek ereiteko… mundu berri bat sortzera goaz!”

Egoera berezia eta zaila izanik, neurriak zorrotz beteta haur eta familiei herrian arratsalde atsegin bat eskaintzeko gogoarekin antolatuko da aurten ikuskizuna.

Zalantzetarako: 943 71 46 88  edo 636785971 (whatsappa)