Aurten ere goitibehera jaitsiera herrikoia jaietan.
2019 / 06 / 04 Aurten, bigarren urtez, ekainaren 29an, zapatua, goizeko 11etatik aurrera, Bolibarko bidetik, goitibehera jaitsiera herrikoia egingo da San Pedro jaietan.
Ez da txapelketa izango, jaitsiera herrikoia izango da, eta nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute, baldin eta goitibeherek eta parte hartzaileek beharrezko segurtasun neurri guztiak betetzen badituzte. Parte hartu nahi duten adingabeek gurasoen baimena ekarri beharko dute, hemen jaitsi daitekeena, edo gurasoetakoren batek lagunduta parte hartu.
Adin guztietako jendeak parte hartzea nahiko genuke, bakarka zein taldeka, mozorrotu daitezela, jaitsiera dibertigarria izan dadila.
Horretarako, hainbat sari egongo dira, eta horiek lortzeko ez da kontuan hartuko egindako denbora, baizik eta mozorroa, alaitasuna, karakterizazioa, festa giroa eta parte hartzea.
Sariak honako hauek izango dira.:
- Bakarka: jaitsiera barregarriena, 60 €
- Taldeka: jaitsiera barregarriena, 120 €
- Gainera, sari bat zozketatuko da parte hartzaile guztien artean, bakarka aritutako norbaiti egokitzen bazaio, 50 €-koa izango da, eta talderen bati egokituz gero, 100 €-koa.
- Eta, nesken parte hartzea sustatzeko, beste sari bat zozketatuko da parte hartzen duten emakume guztien artean. Aurrekoan moduan, bakarka aritutako norbaiti egokitzen bazaio, 50 €-koa izango da, eta talderen bati egokituz gero, 100 €-koa.
16 urtetik beherakoen irabazleei saria dirutan eman beharrean txartela emango zaie Eskoriatzako komertziotan gastatzeko.
Goitibeherak egin, konpondu edo azken ukituak eman nahi izanez gero, antolatzaileak prest daude laguntzeko. Beraz, horrelako laguntzarik nahi baduzue, esan izena ematerakoan.
Jaitsiera antolatzeko eta aseguruak egin ahal izateko, derrigorrezkoa da parte hartu nahi dutenek aurrez izena ematea, beraz, parte hartu nahi dutenek ekainaren 24ra arte izango dute izena emateko epea.
Izena emateko eta informazio gehiagorako jo kultur etxera (943 71 46 88).