AUZOKO aniztasunak batzen gaitu
2018 / 10 / 09Askotarikoak gara eskoriatzarrak, asko eta desberdinak dira gure hizkuntzak, ohiturak, erlijioak, kultura ohiturak… baina denok osatzen dugu herria. Beraz, desberdintasunean elkarrekin bizitzeko, ezinbestekoa da bizikidetza orekatua izatea eta elkar errespetatzea. Errespetatzeko, berriz, beharrezkoa da bestea ezagutzea.
Aniztasun hori da AUZOKO egitasmoaren oinarria eta elkar ezagutzaz haratago, euskararik ezagutzen ez duten edo euskaratik urruti bizi diren herritarrrak euskarara hurbiltzea ere bada egitasmo honen helburua.
Azkeneko 6 urteetan martxan dago Auzoko egitasmoa Eskoriatzan eta astero astero talde bat edo bi batzen dira, ordubetez, euskarazko hitz eta esamolde batzuk ikasi, elkar ezagutu eta harremana sendotzeko. Dinamikaren oinarria giro informalean gauzatzen da, desberdinen arteko hizkuntzak, jakiak, kulturak eta ohiturak partekatuz.
AUZOKOn parte-hartzeko hauetako egoeraren bat izan behar da:
- Herrira iritsi berria izatea
- Euskaratik urrun egotea eta hurbildu nahi izatea
- Euskara ondo jakin eta ez dakitenekin partekartzeko gogoa izatea.
Duela 6 urte hasi zen AUZOKO dinamika Eskoriatzan, eta aurten koordinatzaile berriarekin hasiko du ikasturtea. Iratxe Arrese izango da koordinatzailea eta egitasmoan parte-hartu nahi edo informazio gehiago izan nahi duenak, berarekin egin dezake harremana 661 746 376 telefonora deituta.
Deialdi zabala egiten zaie eskoriatzarrei, Auzoko ezagutu eta parte-hartzeko.