Azken orduko aldaketak jai egitarauan

2017 / 06 / 28

Azken egunotan izan dugun bero zakarraren ostean trumoia eta zaparradak iragarri dituzte datozen jai egunetarako, eta horren ondorioz, kalean egitekoak ziren zenbait ekitaldi beste leku batzuetan egin beharko dira.

Gaur, asteazkena, ekainak 28, “Txirri, Mirri ta Txiribiton” pailazoen emanaldia Zaldibar antzokian izango da, aurreikusitako ordu berean, 17:30ean.

Ostegunean eta ostiralean Gorosarri plazan egitekoak ziren gaueko bi emanaldiak –Golden Appel Quartet eta Artistas del Gremio, hurrenez hurren– kiroldegian egingo dira, 22:30ean. Uztailaren 1eko herri bazkaria ere kiroldegian izango da.

Beste alde batetik, oraindik erabakitzeko dago ekainaren 29ko beste bi ikuskizunak, hau da, EITBko “Goazen” telesaileko protagonistek eskainitako “Goazen dantzara” ikuskizuna eta “Konposteroak” kale antzerkia, non izango diren. Eguraldi iragarpenek esaten dutenaren arabera hartuko da erabakia, eta webgune honetatik eta udaleko aplikaziotik (APPtik) jakinaraziko da. Aldatzekotan, lehena kiroldegian izango da, eta bigarrena Zaldibar antzokian.

Arantza eta Pantxok ekainaren 30ean, eguerdian, eskainiko duten kontzertua ere egoera berean dago: eguraldiaren arabera erabakiko da aurreikusitako lekuan egin ala Zaldibar antzokian.

Txupinazioa atzeratuko da

Bukatzeko, gaur 19:00etan hileta-elizkizuna dagoela kontuan izanda, jaiei hasiera emateko pregoia eta txupinazoa apur bat atzeratzea eta 19:15ean egitea erabaki da.

Ondo pasa sanpedroak!