Bakardadearen inguruko hitzaldia
2026 / 01 / 16
Urtarrilaren 22an, osteguna, 18:00etan kultur etxeko hitzaldi aretoan eskainiko den hitzaldian bakardadeari nola aurre egin hausnartuko da.
Hitzaldi hau, Debagoiena Ehuntzen proiektuaren barruan kokatzen da. Hasieran, Debagoieneko herrietan bakardadearen eragina zein den ezagutzeko asmoarekin, eta lehen diagnostiko bat osatzeko, elkarrizketa kualitatiboak egin eta online zein paperez erantzuteko galdetegiak banatu ziren. 444 debagoiendarrek erantzun zuten galdetegia, eta datuek erakusten dute bakardadeak eragin handia duela eskualdeko biztanleengan. Inkestatuen %26k dio bakarrik sentitzen dela askotan edo beti, 65 urtetik gorakoen artean, berriz, %22k. Parte-hartzaileen %75,1ek bakardade emozionalaren adierazleren bat du: hutsune-sentsazioa, gertuko pertsonen falta nabaritzea… Datu horiek erakusten dute bakardadeak ez duela soilik dimentsio pertsonala, eta agerian uzten dute faktore sozial, komunitario eta emozionalen arteko loturak.
Hitzaldian, Elisa Sala Mozos ikerlari eta gizarte aholkulariak bakardadea zer den, nola antzematen den eta nola eraiki daitezkeen komunitate-lotura sendoagoak azalduko ditu, besteak beste.
