Bocabeats comedia, ostiralean Joseba Iñurrategi pilotalekuan
2020 / 07 / 15Bakarrizketa, inprobisazioa eta beatboxkomedia eskaintzen dituen Bocabeats Comedia bikotea Eskoriatzan izango da ostiral honetan, hilak 17, “La que hemos liado” birarekin.
Emanaldia, gaueko 22:00etan Santa Marina plazan egitea aurreikusita zegoen arren, Joseba Iñurrategi pilotalekuan egingo da, eguraldi iragarpenek aire librean egiteko tenperatura desegokiak iragartzen dituztelako.
Segurtasun-neurriak
Pilotalekuan aulkiak jarriko dira, segurtasun-tarteak gordez, eta ezingo da zutik egon. Era berean, bertaratutakoei emanaldira garaiz joateko eskatzen zaie, sarrera librea izango baita baina aforoa bete arte.
Sarreran gel hidroalkoholikoa jarriko da eskuak garbitzeko, eta bertaratzen direnek musukoa ipinita izan beharko dute.
Bocabeats
Interneten 10 milioi erreprodukzio, telebistako hainbat agerpen eta 800 emanaldiren ostean, Bocabeats Comedia bikoteak bere euskal kutsuko showarekin jarraitzen du.
Ikusleek eskatzen dituzten talde eta abeslari guztiak imitatzen dituzte, eta eszenatokian ahoarekin egindako musika oinarri, freskotasun eta inprobisazio handiko ikuskizuna eskainiko dute.
Gatibu nahiz Shakiraren kantuak egiten dituzte. Berdin zaie Michael Jackson edo Camilo Sesto. Reggae pixka bat, erromeria, reggaeton, techno…
Hurrengo jarduerak
Hurrengo ostiralean, hilaren 24an, 18:30ean, Potx Magoaren emanaldia egingo da Santa Marina plazan; hasiera batean, uztailaren 10ean egitekoa zen, baina euri-iragarpenagatik atzeratu egin zen.
Ostiral horretan, gainera, 22:00etan, Santa Marina plazan musika emanaldia egongo da Blues Morning Singers taldeak eskainita. Bluesari eskainitako formazioa da, bere aldaera eta forma guztietan, errepertorio ezagunenetatik ihesi, musika afro-amerikarraren sustrairik sakonenak gurtzen dituena. Emanaldi zaindua eskaintzen dute, gai propioak zein Blues musikari handien bertsioak tartekatuz. Entzuleak Deltako bluesaren soinu hezera eta 50eko hamarkadako Chicagoko blues elektriko zorrotzenera bidaiatzeko aukera izango du.