Datorren astean hasten da jasangarritasunari buruzko zine zikloa

2019 / 10 / 31

Gaur-gaurkoz ia saihestezina da edozein forotan iraunkortasunaz hitz egitea. Baina, zer da iraunkortasuna? Zer esan nahi du hitz honek?
Adiera hedatuena 1987ko Brundtland txostenean agertutakoa da: egungo belaunaldiaren beharrak asetzean datza, etorkizuneko belaunaldiek beren beharrak asetzeko duten gaitasuna sakrifikatu gabe.
Definizio hori, ordea, hain da zabala, hitza esparru guztietan erabiltzen hasi direla, eta edozein aitzakiarekin testuingurutik ateraz eta esanahiz hustuz.

Eskoriatzako Udalak gai honen inguruko zine zikloa antolatu du azarorako, eta bertan klima aldaketa, elikadura eta eredu energetikoak bezalako gaiak jorratuko dituzten hiru dokumental proiektatuko dira.

Dokumentalak Zaldibar antzokian proiektatuko dira, 19: 30ean azaroko hiru ostiraletan, hilaren 8an, 15ean eta 29an.

Gainera, Eskoriatzako hainbat tabernak, Udalarekin elkarlanean, eskaintza gastronomiko berezia prestatu dute, eta zinemarako sarrerarekin batera, eko-hanburgesak edo Kilometro 0 ogitartekoak eta edari bat dastatu ahal izango dira, 6 euroren truke. (Compostela, Aketia, Alcazar, Hotela, Urrestilla eta Toki Alai)

Dokumentalak

BEFORE THE FLOOD

National Geographicek ekoiztutako dokumental honek Leonardo DiCaprio du protagonista, hainbat Oscar sari irabazitako aktore ezaguna.
Leonardo DiCapriok bizitza aldatzen dizuten bidaia horietako bati ekiten dio. Groenlandiako urruneko eremuak, Sumatrako oihan beroak eta Vatikanoko aretoak bisitatuko ditu, klima aldaketaren ondorio suntsitzaileak aztertzeko asmoz.
Bere egoera pribilegiatua aprobetxatuko du Barack Obama, Elon Musk eta Frantzisko aita santuarekin hitz egiteko.
Krisiaren arrazoietan murgilduz eta irtenbide potentzialak aztertuz, DiCapriok galdera kezkagarri baten erantzuna bilatuko du: zerbait egin ote daiteke berandu izan baino lehen?

  • Eguna: Azaroak 8, ostirala
  • Ordua: 19:30
  • Lekua: Zaldibar antzokia
  • Hizkuntza: Gaztelania
  • Iraupena: 1 h. 35 m.

 

BIDE BERRIAK (2014)
Elikadura burujabetza Euskal Herrian

BiziLur eta EHNE Bizkaiak ekoitzitako dokumental honen bidez, gonbita egiten dizuegu Euskal Herriko hainbat esperientzia ezagutzera, non utopia errealitate bihurtzen den. Elikadura subiranotasunerako bide berriak.
Badakigu zer jaten dugun? Nondik datorren? Nola eta nork ekoizten duen?…Ba al dakigu elikagai osasuntsuak, kulturalki egokiak eta modu iraunkorrean ekoiztutakoak izateko eskubidea dugula?
Elikadurak ekoiztea eta kontsumitzea baino askoz gehiago dakar berekin; antolatzeko eta harremanak izateko modu berri bat da, bidezkoagoa, non pertsonek, duintasunak, elkartasunak zentzu berria hartzen duten.
Dokumentalaren ostean, ikusitakoari eta gaiari buruzk hitzegin edo ausnartzeko solasaldi bat egongo da Ane Gososabelekin.

  • Eguna: Azaroak 15, ostirala
  • Ordua: 19:30
  • Lekua: Zaldibar antzokia
  • Hizkuntza: Euskaraz (azp. Gaztelania)
  • Iraupena: 52´

ENERGIA TRANTSIZIOAK (2016)
PIZTU ALDAKETA!

Egungo energia eredua ekologikoki jasangaitza eta sozialki bidegabea da (klima aldaketa, erauzketen kalteak, energia pobrezia, korporazioen boterea, mundu-mailako desorekak, etab.).
Baina badira munduan zehar honen aurka borrokatzen eta alternatibak martxan jartzen ari diren pertsonak eta taldeak. Dokumental honetan, Euskal Herritik abiatuta, Ipar eta Hegoaldeko zenbait esperientziatara hurbildu gara, haien bizitza proiektuak, erresistentziak eta proposamen politiko eta kooperatiboak ulertzeko asmoz.
Bidai honek beharrezkoa zaigun energia eraldaketaren gakora doazen ikasketak eta erronkak erakusten dizkigu.
Dokumentalaren ostean, ikusitakoari eta gaiari buruzk hitzegin edo ausnartzeko solasaldi bat egongo da Goiener ordezkari batek gidatuta.

  • Eguna: Azaroak 29, ostirala
  • Ordua: 19:30
  • Lekua: Zaldibar antzokia
  • Hizkuntza: Euskaraz (azp. Gaztelania)
  • Iraupena: 40´