Datorren astean zabalduko dituzte ateak ludoteka eta gazteleku zerbitzuek
2020 / 09 / 24Ludotekak eta gaztelekuak datorren astean irekiko dituzte ateak martxoan koronabirusaren aurkako prebentzio neurri gisa itxi ostean.
Ikasturte berriari ekiteko pandemiak sortutako egoerara egokituko eta beharrezko segurtasun neurriak hartu dira, zerbitzu seguruak eskaintzeko. Bietan, edukiera eta txanda sistema ezarri da erabili ahal izateko.
Kanpo ekintzak eta ekintza bideratuak hobestuko dira bi zerbitzuetan.
Tortolis ludoteka
Tortolis ludotekak 15eko aforoa izango du, ondorioz, ordu eta laurdeneko txandak eskainiko dira eta haurrak euren txandan joango dira ludotekara:
- 16:45etik 18:00ak arte eta
- 18:15etik 19:30ak arte gutxi gora behera.
Irailaren 30a eta urriaren 1ean hasiko dira ludotekako ate irekiak, 17:00etatik 19:00etara. Bi egun hauetan kale jolasak antolatuko dituzte hurbiltzen diren haurrentzat. Urriaren 5a eta 9a artean zerbitzua zabalik egongo da edozein hurbildu eta funtzionamenduaren berri jakiteko. Egun horietan ere antolatuko dira kale jolasak.
Ludotekako bazkidetza egiteko aukera urriaren 5etik aurrera zabalduko da. Urtean 34€ izango da. Izen ematearekin batera, gurasoei, funtzionamendu protokoloa aurkeztuko zaie informazio guztia izan dezaten.
Gaztelekua
Eskoriatzako gaztelekuak urriaren 2an irekiko ditu ateak.
Gaztelekua, DBHko ikasleei zuzenduta dagoen zerbitzua da. 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzako hain zuzen ere. Aurtengo ikasturtean, zerbitzua bi gelatan banatuta egongo da; gaztelekuan bertan eta goiko gelan. Espazio bakoitzean hezitzaile bat egongo da ekintzak dinamiztzen. Espazioek sarrera independientea izango dute eta gehienez ere 14 nerabe sartu ahal izango dira. Zerbitzua txandatan eskainiko da, txanda bakoitza lagun taldeez osatutakoa izango da. Izena eman beharko dute gaztelekuan, txandak antolatu ahal izateko eta lagun taldeak taldekatzeko. Gaztelekura joateko erreserba sistema jarriko da eta lagun taldeek erreserba egin beharko dute.
Osasun neurriei dagokienez, nahitaezkoa izango da musukoak erabiltzea eta eskuak garbitzea, espazioa etengabe aireztatuko da barruan daudenean.
Izen ematen dutenen gurasoekin bilera bat antolatuko da urriaren amaieran protokoloa eta funtzionamendua azaltzeko.
Gaztelekuan ate irekiak urriaren 2an hasiko dira eta asteburu horretan nerabeei funtzionamenduaren berri emango zaie.
Urrian zehar ostiralak DBH1ekoi zuzenduta egongo dira, zerbitzura behar bezala egokitu daitezen eta euren lekua izan dezaten.