Datorren urtarrilaren 23an inauguratuko da Zaldibar antzokia.
2015 / 01 / 16Datorren ostiralean, urtarrilak 23, 13:00etan, inauguratuko da ofizialki Zaldibar antzokia. Ondoren, arratsaldean, ate irekiko hiru saio egingo dira nahi duten eskoriatzar guztiek antzokia bisitatu dezaten.
Inaugurazio ekitaldia
Aforoa  dela-eta,  saio  bakoitzeko  jende  kopurua  mugatu  beharra  dago,  eta  horregatik,  beharrezkoa  izango  da  gonbidapena  izatea  saioetara  joateko.  Gonbidapenak  liburutegian  jaso  ahal  izango  dira,  doan.  Bertara  joango  direnei  zor  zaien  errespetuagatik,  ordua  zaintzea  eskatzen  da.
Zaldibar  antzokiaren  aforoa  honakoa  da:  139  pertsona  jarrita  (88  beheko  solairuan  eta  51  anfiteatroan);  eta  beheko  solairuko  aulkiak  kenduta,  behean,  zutik,  320  pertsona.  Anfiteatroko  aulkiak  finkoak  dira.
Hiru saiotan programa bera izango da: aurkezpen labur bat eta “Zaldibar antzokia” dokumentala, bertan eraikinaren historia kontatzen da, 1578an eraiki zenetik gaur arte. Dokumentalean beraien bizipenak kontatuko dizkigute eskoriatzar askok. Amaitzeko, bakoitza bere kasa ikusi ahal izango du eraikina.
Ekitaldiak
Hurrengo egunean, urtarrilaren 24an, “Demode Quartet” taldeak EPA! Ikuskizuna eskainiko du. Laukote honek umorea eta kanta arrakastatsuen a capella bertsio bitxiak nahasten ditu. Lan honetan erakusten digute countryaren, jazzaren, sambaren, bollywoodaren edo pop modernoagoaren jatorria Euskal Herriko bailara, mendi edo portuetan aurkitu behar dela. Kalitate handiko ikuskizuna, lau kideek beraien nortasun bitxiekin harrituko gaituzte ikuskizunean zehar. Sarrera 4 € izango da.
Igandean,  17:30ean,  “Poxpolo”  pailazo  tolosarra  eta  bere  lagunak  etorriko  dira  Zaldibar  antzokira  herriko  txikienen  gozamenerako. Kasu  honetan,  sarrera  3  €  izango  da  bai  nagusientzat  bai  haurrentzat,  eta,  adinak  adin,  ikuskizunera  sartu  gura  duten  guztiek  sarrera  izan  beharko  dute.
Bi  ikuskizun  horietarako  sarrerak  aurrez  erosi  ahal  izango  dira  kiroldegian  ostiral  honetan,  urtarrilak  16,  hasi  eta  datorren  ostiraleko,  urtarrilak  23,  eguerdira  arte.  Saldu  gabe  gelditzen  direnak  antzokiko  leihatilan  jarriko  dira  salgai  ikuskizuna  hasi  baino  ordu  erdi  lehenago.
Urtarrilaren  29an,  osteguna,  19:00etan,  Gure  Esku  Dago-Eskoriatzak  antolatuta,  “Jostunak”  dokumentala  eman  eta  #ehuntzen  programa  aurkeztuko  da.
Dokumental  horretan,  “Gure  Esku  Dago”k  antolatuta  joan  zen  ekainaren  8an  egindako  giza  katera  arte  ibilitako  bidea  errepasatzen  da.  Milaka  herritarrek  hilabetetan  zehar  elkarren  arteko  loturarik  ez  zuten  pertsonak  lotzen  eta  ehuntzen  egindako  jostun  lana  ikusi  ahal  izango  da. Sarrera  doan  izango  da,  aforoa  bete  arte.
Urtarrilaren 30ean, ostiralean, Musika Eskolako ikasleek eta irakasleek kontzertua eskainiko dute, eta sarrerak Musika Eskolan eskuratu ahal izango dira.
Urtarrilaren  31n,  23:00etan  -eta  ez  22:00etan,  urtarrileko  kultur  gidan  jartzen  duen  bezala-,  Gose  taldeak  “Gosariak”  bere  lan  berria  aurkeztuko  du.  Lan  honetan,  Sarrionaindiak  sortutako  testuak  abesti  bihurtzen  ditu  Gosek,  eta  era  berean,  irudi  bihurtzen  dira  Iñigo  Arregi  eta  Juan  Luis  Goikolearen  eskuetatik  pasa  ondoren,  horrela,  zirkuluaren  edozein  noranzkoan  ibiltzeko  gai  den  obra  bakarra  osatuz.
Sarrerak  10  €-tan  salduko  dira,  8  €-tan  Atxorrotx  Kultur  Elkarteko  bazkideentzat,  eta  Eskoriatzan  (Inkernu,  Azkoagaenea  eta  Goxotxiki),  Arrasaten  (Ttukun  kopisteria),  Bergaran  (Pol  Pol)  eta  Oñatin  (Arrano)  izango  dira  salgai.

