Datorren urtarrilaren 23an inauguratuko da Zaldibar antzokia.

2015 / 01 / 16

sarrera zaldibar

Datorren ostiralean, urtarrilak 23, 13:00etan, inauguratuko da ofizialki Zaldibar antzokia. Ondoren, arratsaldean, ate irekiko hiru saio egingo dira nahi duten eskoriatzar guztiek antzokia bisitatu dezaten.

Inaugurazio ekitaldia

Aforoa dela-eta, saio bakoitzeko jende kopurua mugatu beharra dago, eta horregatik, beharrezkoa izango da gonbidapena izatea saioetara joateko. Gonbidapenak liburutegian jaso ahal izango dira, doan. Bertara joango direnei zor zaien errespetuagatik, ordua zaintzea eskatzen da.
Zaldibar antzokiaren aforoa honakoa da: 139 pertsona jarrita (88 beheko solairuan eta 51 anfiteatroan); eta beheko solairuko aulkiak kenduta, behean, zutik, 320 pertsona. Anfiteatroko aulkiak finkoak dira.

Hiru saiotan programa bera izango da: aurkezpen labur bat eta “Zaldibar antzokia” dokumentala, bertan eraikinaren historia kontatzen da, 1578an eraiki zenetik gaur arte. Dokumentalean beraien bizipenak kontatuko dizkigute eskoriatzar askok. Amaitzeko, bakoitza bere kasa ikusi ahal izango du eraikina.

Ekitaldiak

Hurrengo egunean, urtarrilaren 24an, “Demode Quartet” taldeak EPA! Ikuskizuna eskainiko du. Laukote honek umorea eta kanta arrakastatsuen a capella bertsio bitxiak nahasten ditu. Lan honetan erakusten digute countryaren, jazzaren, sambaren, bollywoodaren edo pop modernoagoaren jatorria Euskal Herriko bailara, mendi edo portuetan aurkitu behar dela. Kalitate handiko ikuskizuna, lau kideek beraien nortasun bitxiekin harrituko gaituzte ikuskizunean zehar. Sarrera 4 € izango da.

Igandean, 17:30ean, “Poxpolo” pailazo tolosarra eta bere lagunak etorriko dira Zaldibar antzokira herriko txikienen gozamenerako. Kasu honetan, sarrera 3 € izango da bai nagusientzat bai haurrentzat, eta, adinak adin, ikuskizunera sartu gura duten guztiek sarrera izan beharko dute.
Bi ikuskizun horietarako sarrerak aurrez erosi ahal izango dira kiroldegian ostiral honetan, urtarrilak 16, hasi eta datorren ostiraleko, urtarrilak 23, eguerdira arte. Saldu gabe gelditzen direnak antzokiko leihatilan jarriko dira salgai ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago.

Urtarrilaren 29an, osteguna, 19:00etan, Gure Esku Dago-Eskoriatzak antolatuta, “Jostunak” dokumentala eman eta #ehuntzen programa aurkeztuko da.
Dokumental horretan, “Gure Esku Dago”k antolatuta joan zen ekainaren 8an egindako giza katera arte ibilitako bidea errepasatzen da. Milaka herritarrek hilabetetan zehar elkarren arteko loturarik ez zuten pertsonak lotzen eta ehuntzen egindako jostun lana ikusi ahal izango da. Sarrera doan izango da, aforoa bete arte.

Urtarrilaren 30ean, ostiralean, Musika Eskolako ikasleek eta irakasleek kontzertua eskainiko dute, eta sarrerak Musika Eskolan eskuratu ahal izango dira.

Urtarrilaren 31n, 23:00etan -eta ez 22:00etan, urtarrileko kultur gidan jartzen duen bezala-, Gose taldeak “Gosariak” bere lan berria aurkeztuko du. Lan honetan, Sarrionaindiak sortutako testuak abesti bihurtzen ditu Gosek, eta era berean, irudi bihurtzen dira Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolearen eskuetatik pasa ondoren, horrela, zirkuluaren edozein noranzkoan ibiltzeko gai den obra bakarra osatuz.
Sarrerak 10 €-tan salduko dira, 8 €-tan Atxorrotx Kultur Elkarteko bazkideentzat, eta Eskoriatzan (Inkernu, Azkoagaenea eta Goxotxiki), Arrasaten (Ttukun kopisteria), Bergaran (Pol Pol) eta Oñatin (Arrano) izango dira salgai.