Debagoieneko herriok behar dugun autobus zerbitzua lortzeko lanean
2025 / 03 / 18Debagoieneko Mankomunitatea osatzen dugun herrion ordezkariok, gure biztanleek behar duten autobus zerbitzua hobetzeko eskariak bideratu ditugu Gipuzkoako Foru Aldundira.
Indarrak batzeaz gain, zerbitzu duin bat bermatzeko, eskualde ikuspuntu batekin egin ditugu azterketa eta eskaerak. Hilabeteetan zehar, Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Bergara, Elgeta eta Antzuolako alkateak, herrien artean zein hiriburuekin dugun garraio sistema hobetzeko lanean ari gara. Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuarekin ere bagaude harremanetan, eta hainbat bilera egin ditugu.
Azken hilabeteetako lanketa ezberdinetan, oinarrizko proposamen batzuk landu dira autobus zerbitzua hobetzeko, baina horietatik harago, debagoiendarrok behar eta merezi dugun autobus zerbitzua hobetzeko, pausu eta hobekuntza gehiago izango dira beharrezko. Hauek dira, orain arte landu ditugun eskaerak:
DEBAGOIENEKO HERRIEK MUGIKORTASUN DEPARTAMENDUARI EGINDAKO ESKAERAK:
- Eskualdeko herrien arteko loturaren maiztasuna 15 minutukoa dela bermatu behar da. Hori posible egin ahal izateko hainbat aldaketa eta hobekuntza proposatzen ditugu.
- Gaur egun, 30 minutuero dago autobus bat Oñatik Elorregi/San Prudentziora. Arrasatera doan linearen bidez egiten da lotura hori. Autobusen maiztasuna handitzeko, Oñati Bergararekin lotuko duen linea berreskuratzea proposatzen da. Horrek, Oñati-Arrasate linearekin batera, 15 minutuko maiztasuna bermatuko luke Oñati eta San Prudentzio/Elorregi artean. Gainera, Oñati eta Bergara arteko autobus bidezko lotura zuzena berreskuratuko litzateke.
- Bergara-Arrasateko linea optimizatzea eskatzeko dugu (askotan, autobus bat baino gehiago joaten dira une berean), eta baliabide horiek beharra dagoen beste lineak indartzeko erabiltzea.
2. Zerbitzuaren erabilera bultzatzeko ezinbesteko da Puntualitatea eta Segurtasuna bermatzea, eta, azkenaldian, atzerapen asko eta asko eragiten dituzte matxurek. Hori saihesteko bidea, mantenimentua bermatzea edo/eta flota berritzea litzake. Bestalde aztergarri diren beste neurri batzuk ere egon litezke: San Prudentzio/Elorregi eta Epeleko biribilgunearen artean autobusentzako karril propioaren aukera aztertzea, adibidez.
Bestalde, Eskoriatzako beheko geltokian arazorik ez sortzeko eta gidarien atsedena bermatzeko, goiko geltokian komun bat jartzea aztertu beharko litzake.
3. Hiriburuekin dauden loturei dagokionez, eta herritarrek zerbitzu hori auto bidezko desplazamenduaren aurretik jarri ahal izateko, uste dugu ezinbestekoa dela kotxearekin ibilbide bera eta autobusarenaren arteko “ratioa” egokia izatea.
- Badaude 2ko ratioaren gainetik dauden herriak, hau da, ibilbidea autobusez eginez gero, kotxearekin egindakoarekin konparatuta, denbora bikoitza beharko luke. Ezinbesteko ikusten dugu ratio hori 1,5era gerturatzea, eta, hainbat ordutegitan, oraindik ere murritzagoa izatea komeniko litzateke.
Horrekin batera, beharrezkoa litzateke Debagoieneko herrien eta hiriburuen artean linea nahikoa egotea.
- Bilborako lotura, orokorrean, oso murritza dela ikusten dugu. Handitzea eskatzen dugu.
- Gasteizerako konexioak. Joera handia dago Leintz Bailaratik Gasteizera joateko: lana, ikasketak, medikuak, erosketak… Dagoen eskaerari erantzuna emateko, derrigorrezkoak dira aldaketa batzuk:
- Arrasatetik, goiz eta eguerditan, autobus kopurua handitu behar da. Autobusak bete egiten dira.
- Eskoriatzak eta Aretxabaletak lotura gehiago izan behar dute Gasteizekin. Horretarako, DG05 linea birmoldatu beharko litzateke:
- DG05D pantanoko bidea desagertzea eta Eskoriatzatik autobidera bidaltzea.Pantanoko loturari beste irtenbide bat ematea.
- DG05A linea Aretxabaleta (Azbe) eta Eskoriatzarako sarreratik pasatzea (geltoki berria).
4. Tamaina txikiagoko herrien kasuan, hauek lirateke lehentasunezko eskaera:
- Elgeta:
- Elorriorekin duen lotura handitzea, dagoen linearen maiztasunak handituz.
- Bergarako lotura hobetzeko zerbitzu berri hauek eskaintzea:
- Goizez: 8:00etan , 10:00etan eta 11:00etan.
- Arratsaldez: 17:00etan eta 18:00etan.
- Beharrezkoa da Bergaran Batxilergoa ikasten ari diren ikasleak etxera itzuli ahal izateko autobusa eskaintzea 15:15ean. 7:20an dagoen autobusak, ostera, goizez ikastetxera joateko helburua betetzen du.
- Antzuola
- Beharrezkoa da Bergaran Batxilergoa ikasten ari diren ikasleak etxera itzuli ahal izateko autobusa eskaintzea 15:15ean. 7:20an dagoen autobusak, ostera, goizez ikastetxera joateko helburua betetzen du.
- Leintz Gatzaga:
- Arratsaldetako zerbitzu denek Aretxabaletaraino joan beharko lukete (eskolaz kanpoko ekintza asko eta asko han burutzen dituzte gure gazteek), eta Batxilergoa ikasten ari direnentzat goiz zein arratsaldeko zerbitzua egon beharko luke Leitz-Gatzaga/Arrasate/Leintz Gatzaga.
Bestalde Gatzagarako bidegorri aukerarik ez dago momentuz, beraz, ez litzake inongo arazorik egon beharko autobusean bizikletak eraman ahal izateko (behin Eskoriatza/Aretxabaletara heldu eta gero, bidaiariak bizikletaz jarraitzeko aukera izan dezan).
Gaur egungo eskaripeko zerbitzua telefonoz baino ez dago eta askotan arazoak ematen ditu, hobetu eta azkartzeko formulak bilatu beharko lirateke (agian App bat izan daiteke tarteko irtenbidea)
5. Ordutegi eta sasoi berezietarako proposamen hauek planteatzen ditugu:
- Gaueko autobus zerbitzua:
- Herri txikiek ere gaueko zerbitzua edukitzea asteburuetan.
- Herri handien arteko maiztasuna handitzea.
- Urteroko egutegi finko bat egotea, herrietako jai eta egun berezietan zerbitzua bermatuta egoteko.
- Autobusa geltoki guztietan gelditzea.
- Uda garaia:
- Udan, Landako urtegira joateko eskaerari erantzun ahal izateko, Gatzagako zerbitzua ematen duen DG21E linea udako hilabeteetan (ordutegi konkretu batean behintzat) Etxezuriraino luzatzea proposatzen dugu. Marisarenean deskantsatzen du, eta Etxezuriraino luzatzeak ez luke denbora galerarik ekarriko gainontzeko ordutegietan. Gainera, eskualdeko jendeak ere erabili ahal izango luke urtegira joateko.
Aipatu ditugunak egingarri izateko eta gure eskualdeko, Debagoieneko, mugikortasun jasangarria bermatzeko, ezinbestekoa da ordutegi, konexio eta loturak ondo diseinatzea eta eskualde barneko bidaiariek bizikletak autobusetan eramateko aukera bermatzea.
Orokorrean, puntualtasuna, segurtasuna, hiriburuekin konexioa, herrien arteko maiztasuna handitzea eta dauzkagun aukerak optimizatuz zerbitzua hobetzeko behar diren gutxieneko aldaketak dira Gipuzkoako Foru Aldundiari planteatu dizkiogun eskariak.