Dena prest San Pedro jaietarako

2016 / 06 / 16

portada 2016Atzo aurkeztu zen San Pedro jaietako aurtengo programa (jaitsi PDF). Bertan, gustu guztietarako jarduera interesgarri eta erakargarriak daude, programa erabat berria helburu batekin: eskoriatzarrak eta kanpotik etorriko direnak kalean izan daitezela jaietan parte-hartuz eta topera disfrutatzen.

Aurten programa oso betea egitea lortu dugu jaiak iraungo duten lau egunetarako, horrela, ekainaren 28tik uztailaren 1era kontzertuez, monologoez, antzerkiaz, erromeriez eta parte-hartzeko lehiaketez gozatu ahal izango dugu.

Jai programa egiterakoan zabala eta ekintza gehienak denon gustukoak izatea izan da helburu, sektore gehienetako jendeari leku eginez eta gure herriko auzoetan jai giroa hedatzeko asmoarekin.

Berritasun asko daude, eskoriatzarren gustukoak izatea espero dugunak, horrela, nabarmendu behar dira Gorosarri plazan izango diren umorezko bakarrizketak, hondarrezko eskulturen tailerra Gernika plazan, buruhandiak ia egunero aterako direla, Eskoriatzako bi pilotarik lau t’erdiaren barruan buruz buru jokatuko duten partida jokatuko dutela edo txosnetan antolatutako jarduerek bertara hurbilduko diren gazteei disfrutatzeko aukera ezin hobea emango dietela.

Asteburu honetan etxeetara banatuko den programa aurkeztu ondoren, mugikorrean programa erraz eta doan ikusteko aplikazioa ere aurkeztu da.

mobilaren argazkiaJaietako programa osoa mugikorrean

Jaietako programa mugikorretan ere izango da. Udalak aplikazio erabilerraza eta doakoa garatu du edozein momentu eta tokitan jaietako programa mugikorrean ikusi ahal izateko eta programan edozein berri edo aldaketa izanez gero, horri buruzko oharrak jasotzeko.

Aplikazioak jaietako ekitaldiei buruzko iritzia emateko aukera ere emango du, eta baita jaietako argazkiak igo edo ikusteko ere. Nahi duenak doan jaitsi ahal izango du Play Storen (Android) eta baita App Storen (Apple) ere, aplikazio horietan “Eskoriatza” hitzaren bilaketa eginez.

Programa euskaraz zein gazteleraz dago, eta hizkuntza aldatzeko aukera ere ematen du goialdean ezkerraldean duen etiketa bidez.

Eskerrak ematea

Azkenik, Udalak eskerrak eman dizkie jai egitaraua egiten parte hartu duten herritar eta talde guztiei, eta baita jaietan parte-hartuz programa gauzatzen lagunduko duten guztiei ere.