Eñaut Elorrieta Zaldibar antzokian

2021 / 12 / 22

Eskoriatzako Zaldibar antzokian urteko azken kontzertua antolatu da igande honetan, abenduak 26, arratsaldeko 19:00etan. Protagonista Enaut  Elorrieta izango da, Ken Zazpi talde ezagunaren sortzailea eta ahotsa, eta bere azken diskoko abestiekin etorriko da formatu akustikoan.

Sarrerak kiroldegian eta www.bibe.me  plataforman daude salgai, 5 euroko prezioan.

Irteera argiak diskoa

Irteera argiak Eñaut Elorrietak azken urteotan garatutako ibilbidearen ondorio zuzena da.  Oso gaztetan kantuan hasi zenetik urrats bat harago egin du proiektu bakoitzean, beti gorantz, sorkuntzan, interpretazioan, eskenatokiaren gaineko agerpenetan eta, batez ere, publikoaren aurreko perzepzioan.

Azken diskoko abesti sendoez gain, bere errepertorio esanguratsuenaren esentzia ere ekarriko du Eñautek zuzenetara, haseratik erakutsi dituen zintzotasuna eta benetakotasuna eskenatokira ekarrita. Bere hitzekin sortutako abestiez gain, Uxue Alberdi, Joseba Sarrionandia eta Jose Luis Otamendik sortutakoekin etorriko da.

Barruan dituen kezkak eta sentipenak kantu eder bilakatu ditu eta hala eskainiko dizkigu Eskoriatzan. Bere kantuek musikaren naturaltasunari erantzuten diote, kantuaren oinarria galdu gabe, makinen erabilpen hutsaletik urrun, apaindura soberakorik gabe. Kontzertu goxoa eta beroa izango da, zalantzarik gabe. musikaren magia musikariaren talentoan, trebezian eta elkarren arteko konplizitatean sortuko baita.